2020-07-09 14:20
ELAk berehalako azalpena eskatu die Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako Aldundiei, diru publikoaz jokabide hauei babesa ematen ari direla argudiatuta. Sindikatuak dio hiru Aldundiek kolektibo honen lan baldintzak hobetzeko bidea ixten saiatzen ari direla, eta babesa ematen dietela multinazional hauen jokabide “guztiz merkantilistei”. Gogoratu dute Bizkaian 360 egunez greba egin behar izan zela lan hitzarmena sinatu arte; Gipuzkoan langileak 260 egunez zeudela greban, “Aldundiaren ezikusia eta blokeo sistematikoa pairatuz”, harik eta emergentzia sanitarioa zela eta greba eten zuten arte; eta Araban, berriz, estatu mailako hitzarmena aplikatzen dela eta langileek mila eurora iristen ez den soldata dutela.

Azken asteetan EAEko adinekoen egoitzetan oso hedatuta dauden multinazional batzuk, esaterako Sanitasek eta DomusVik - lehenak Loramendi egoitza eta Sanitas Barakaldo kudeatzen ditu; DomusVik, berriz, 9 zahar-etxe, besteak beste Arandia, Ribera eta Miraflores Bizkaian, Berra eta Villa Sacramento Gipuzkoan edota Ariznabarra Araban-, COVID-19a medio bere lantaldearen zati bati ohiz kanpoko sariak ematea erabaki dute.

DomusVIren kasuan, langileei zuzendu dien idatzian esaten du enpresaren lehendakariak COVID-19agatik ohiz kanpoko bonus bat ordainduko diela egoera konplikatu honetan egin duten lana eskertzeko, baina zehazten du soilik emango zaiela martxoaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean ohiko lanaldiaren %80 bete dutenei.

ELAk multinazional hauen jokabidea salatu du, diru publikoa baliatuz lantaldearen zati bat saritu eta dozenaka behargin diskriminatzen dituztela argudiatuta, besteak beste, COVID-19az kutsatu direnak, hain zuzen ere, beren lana “baldintza negargarrietan, inolako babesik gabe” aurrera  ateratzeagatik kutsatu direnak. Gaia juridikoki ere aztertuko dutela aurreratu dute.

Sindikatuak hiru Aldundiak interpelatu ditu, eta galdera bikoitza egin die: baduzue enpresen jokabidearen berri? Hori ere hainbeste goraipatzen duzuen kudeaketa publiko-pribatuaren osagaietako bat al da? “Administrazioek honi buruzko azalpen bat eman behar dute premiaz, hau da, ondo ote deritzoten gure herriko zergadun guztiek jarritako diruarekin egoitza kontzertatuek langile batzuei “COVID-19 bonus” bat ordaintzea, besteak baztertuz”, laburbildu dute.

ELAren iritziz multinazional hauen politikak eta erakundeen aldetik duten babesak agerian uzten du, inoiz baino areago, zahar-etxeen egungo eredua aldatu eta sistema publifikatu beharra dagoela.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.