2020-10-16 13:48
Ebazpenak aintzatesten du pasa den larunbateko finalerdietan greba eskubidea urratu zenaren zantzu nahikoa badagoela.

Datorren iganderako aurreikusita zegoen binakako finala ez da jokatuko. Hala agindu du gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAri jakinarazi zaion ebazpenean irakurri daitekeenez, sindikatuak eskatutako kautelazko neurriei oniritzia eman die epaileak eta finala bertan behera uztea agindu du.

ELAk finalerditako partidaren aurkako demanda ezarri zuen Auzitegian, eta demanda horren erantzuna jaso bitartean kautelazko neurri batzuk hartzeko eskatu zuen. Orain epaia heldu arte itxaron beharko da, behin betiko jakiteko ea Auzitegiak pasa den larunbateko finalerdietan Agirre eta Albisuren greba eskubidea urratu zela aintzatesten duen ala ez.

Langileek eta ELAk pozez hartu dute gaurko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, baina berriro ere azpimarratu nahi dute gatazka honen irtenbidea ez dagoela epaitegietan, negoziazio mahaian baino. “Egoera hau ez da erosoa inorentzat, eta argi utzi nahi dugu gure ateak zabalik daudela beti fede onez negoziatzeko. Baikori eskatzen diogu grebaren eta langileen aurkako jarrerak albo batera utz ditzala eta eser dadila negoziatzera akordio batera heldu arte”, baieztatu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.