2019-09-12 09:36
ELAtik argi daukagu greba eta mobilizazio indartsu bidez soilik dela posible Hezkuntza Publikoak bizi duen egoera larri eta jasangaitz honi buelta ematea. Hezkuntza Sailak ikasturteari murrizketa eta prekaritate gehiagorekin eman dio hasiera, eta ELAtik langileak antolatu eta sektore ezberdinetan greba eta mobilizatzioak sustatzen emango diogu,

2019/20 Ikasturtea ere hitz politez ahoa bete-bete hasi du Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek: jaiotza tasa eta matrikulazioaren beherakadak ekarri duen gela itxiera eman bada ere (honen atzean erabaki politikorik ez balego bezala) lanposturik ez dela galdu, EPEak, 2018an Hezkuntzako gainerako sindikatuekin sinatutako akordioak betetzen ari direla, soldata igoerak...

Propaganda guzti hau irentsita edonork pentsa lezake Hezkuntza Publikoa sasoi betean dagoela. Zoritxarrez, ikasturte amaieran Hezkuntza Publikoko sektore ezberdinek bizi duten egoera larria salatu bagenuen, ikasturtea hasi berri den honetan egoerak okerrera egin duela salatu beste erremediorik ez zaigu geratzen.

Alde batetik, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan eman den matrikula beherakada aprobetxatuz, Hezkuntza Sailak ikastaldeak murriztu ditu, nahiz eta legeak ez duen behartzen erabaki hau hartzera. Eta irakasleen plantilla ikastaldeen arabera egituratzen denez, ikastalde gutxiagorekin lanpostu gutxiago dago. Ukaezina da lanpostuak galdu direnik Jaurlaritzak ikastaldeak ixteko harturiko erabakiaren ondorioz. ELA sindikatutik birritan esan izan dugun moduan, Hezkuntza Sailak badu beste era bateko erabakiak hartzeko marjina, ratioen muturreko politika bat egiteari utzi eta gelako ikasle kopurua gutxituz, nahiz eta ikastaldeen itxiera ekidin ezineko gertaera bat bezala azaltzen duen. Hezkuntza kalitatea hobetzea bada kontua eta lanpostuak babestea, ikastaldeak mantentzea da zentzuzko erabaki bakarra. Hau ez da ikasturte honetako kontua, azken urteotan lanpostuen suntsiketa eta ikasgelatan ikasleen pilaketa ekarri dituen aspaldiko plan bati erantzuten dio eta erantzun, greba eta mobilizazio potenterik ezean, eragin gogorrenak datozen urtetan sortuko ditu Sailaren planak.

Bestetik, irakasleen artean behin-behinekotasun maila onartezina den %40koa den arren eta Jaurlaritzak urte luzeetan irakasleak modu prekarioan bere beharrak betetzeko erabili dituen arren, langile hauek kontsolidatzetik eta behin-behinekotasuna %6ra jaistetik urrun dauden EPEak eta prekarietatea kudeatzen jarraitzeko neurri injustuak besterik ez ditu jarri mahai gainean, izugarrizko arriskuak dituen sasi-egonkortasun proposamena kasu.

Soldatei erreparatzen badiegu berriz, krisi urteetan %13-14ko eros-ahalmen galera eman da irakasleetan (41.000-51.800 euro metatu).

Aurreko ikasturtean esaten genuen, aurrera eraman genituen mobilizazio jendetsuen ondoren, grebara eraman gintuzten arazo eta aldarrikapenei erantzuten ez zien eta Hezkuntza Sailak STEILAS, LAB, CCOO eta UGTrekin sinatu zuten akordioak jasotzen eta zehazten zuen neurri bakarra ordezkapenak lehen egunetik egitea zela. Baina puntu hau ere ez dute bete eta gainera izugarrizko arazoak sortzen ari den “ordezkagune” sistema telematikoa jarri dute martxan inolako negoziazio edota azalpenik eman gabe.

Gure eskoletako ikaslegoa gero eta anitzagoa da; aniztasun hau, ordea, modu desorekatuan dago banatuta EAEko ikastetxetan. Oso larria deritzogu Uriarten zuzentzen duen Sailak, maila sozioekonomiko eta jatorri ezberdinetako ikasleen eskolatzean desoreka nabarmenak bere horretan mantentzeaz gain, areagotzen aritzea, modu berezian Eskola Publikoaren kaltetan. Izan ere, Hezkuntza Sailak egoera honi aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak ez hartzeaz gain, eskolatzean desorekak areagotzen dituen irregulartasun larriak egiten ari da.

Heziketa Berezi, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletako kasua are larriagoa da: behin behinekotasun tasa onartezinak, eros ahalmenaren galera izugarriak, lan osasun arazo larri bihurtu diren lan-karga jasanezinak, jardunaldi partzialak, ordezkapenik eza, pribatizazioa, funtzio eta kategorien errekonozimendu eza, etabar luze bat. Izan ere, ez da kasualitatea emakumeoi urte luzez inposatu zaizkigun zaintza lanekin lotura gehiago duten lanak izatea edota nagusiki emakumez osaturiko sektoreak izatea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko langilerik prekarioenak.

ELA sindikatutik argi daukagu greba eta mobilizazio indartsu bidez soilik dela posible Hezkuntza Publikoak bizi duen egoera larri eta jasangaitz honi buelta ematea. Hezkuntza Sailak ikasturteari murrizketa eta prekaritate gehiagorekin eman dio hasiera, eta ELAtik langileak antolatu eta sektore ezberdinetan greba eta mobilizatzioak sustatzen emango diogu, Haurreskoletan egin dugun moduan. Horregatik, Hezkuntza Publikoko langile guztiei borroka honetara batzeko deia egiten diegu Hezkuntza Publikoaren alde eta prekaritate, murrizketa, diskriminazio eta pribatizazioaren aurka.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.