2020-06-23 17:53
Hezkuntza Publikoan ordezkaritza duten 5 sindikatuek ELA, STEILAS, LAB, CCOO eta UGT Hezkuntza sailari murrizketa politika alboratzea, hezkuntza indartzea eta langileen ordezkariekin interlokuzio erreala zein benetako negoziazioa bideratzea exijitzen diote.

ELA, STEILAS, LAB, CCOO eta UGT ikasturte bukaera honetan eta datorren ikasturtearen hasieran hezkuntza publikoko ikastetxeetan aurkitu daiteken egoerarekin oso kezkatuta daudela baieztatzen dute. Alde batetik, Hezkuntza saila langileen ordezkariekiko izaten ari den mesprezuzko jarrera onartezina dela uste dute, “aldebakarreko erabakiak baitira nagusi, langileon ordezkariekin ez baitago inolako interlokuziorik eta negoziazio kolektiborik ez delako existitzen”. Bestetik, “ikasturte honetan bizi izan den pandemia egoerak zerbitzu publiko sendo batzuk izatearen beharra eta garrantzia agerian utzi duen arren, ez dirudi hezkuntza sailak gure hezkuntza sistema indartzeko asmorik duenik” adierazi dute. Kezka ikaragarriz ikusten ari dira azken egunotan datorren ikasturteari begira murrizketa gogorragoen aurrekari izan daitezkeen hainbat erabaki murriztaileen aplikazioa.

Sindikatuek, ekainaren hasieran Hezkuntza Sailari hurrengo ikasturterako negoziazio orokorreko bilera bat egiteko deialdia luzatu zioten, pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko plangintza orokor bat adosteko, eszenatoki ezberdinetarako osasun eta segurtasun neurriak eta guzti horri aurre egiteko baliabide nahikoak jasotzen zituena. Haien erantzun ezaren aurrean gure proposamen/galderak erregistratu genituen.

Hiru aste pasa dira eta oraindik ez dugu bilerarako datarik jaso. Hori bai, administrazio publikoari dagokionez, erregistratu zituzten kezken inguruko erantzun batzuk jaso dituzte, baina ez beraien eskutik, hauek, ikastetxeetako zuzendaritzetatik, langileen eskutik edo beste bide batzuetatik iritsi zaizkie: Berritzeguneetatik, IRALEetatik, … edo prentsatik. Gainera, salatzen dutenez “iritsi zaizkien erantzun hauek ez dira hezkuntza publikoak behar dituenak, baliabide ekonomikoak zein pertsonalak handitu beharrean murrizketak egingo dituztela inposatzen baitute”.

Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan taldeak eta lanpostu zerrendak (RPTak) osatzeko zirriborroak iazko berdinak dira, azken hilabete hauetan ezer pasa izan ez balitz bezala. Hau gutxi balitz, HH eta LHko behin behineko lanpostu zerrendak (RPTak) ikastetxeetara iristen hasi dira eta langile kopuruak gora egin beharrean murrizketak ezartzen ari dira jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, PTetan edota CRIetan. “Pandemiaren eraginez, ikasleen behar pedagogiko zein emozionalak inoiz baino larriagoak diren honetan, hezkuntza sailak egoera zuzentzeko baliabideak areagotu beharrean murrizketak inposatu ditu” adierazi dute sindikatuek.

IRALE ikastaroak ere bertan behera utzi nahi dituztela salatzen dute, “horrek hezkuntzaren euskalduntze planetik eta ordezko langileen kontutik krisiaren faktura ordaintzeko”. Hau da, hainbat irakasle eta hezitzaile hezkuntza laguntza espezialista formazio gabe geratuko dira eta era berean ordezko askok ordezkapen aukerak galduko dituzte. Horrela, pandemiaren une gogorrenetan hezkuntza sailaren aldebakarreko erabakiz ordezkapenak egin ezaren ondorioak areagotuz ordezko langile hainbatentzat.

“Hamaika esku“ programaren inguruan, kezkagarria da langileen ordezkariekin adostu gabe eta ikastetxe horietako hezkuntza komunitatearen iritzia entzun gabe zerbitzu eginkizun hauek bertan behera uzteko agertu duen agindua.

Hezkuntza laguntza espezialistei dagokionez aipatzekoa da hasiera batean sindikatuekin landutako lehen prebisioa aldebakarrez atzera bota dutela. Bestetik, sektore honetako errealitateari erreparatuta, NBEen erabilera egokia bermatzea zaila izango dela aurreikusi daiteke. Hori horrela, plantilak handitzea eta ikasleen ratioak jaistea ezinbestekoa da, baina hurrengo ikasturteko aurreikuspenek ez diote sindikatuen eskaerari erantzuten. Hori gutxi balitz, Gipuzkoako ZIG geletan, aurreikusitako Hezkuntza Laguntzako Espezialisten kopurua 28 izatetik, 18,5 izatera igaroko da, horrek lanpostuen %34ko galera dakarrelarik.

Sukaldeko langileei dagokionez, lanpostu zerrendetan murrizketek kolektibo honengan ondorioak izango ditu, eta garbiketako langileei dagokionez, osasun krisiak agerian utzi duen arren langile hauen lanaren garrantzia, ez dirudi Hezkuntza Sailak zerbitzu hau indartzeko asmorik duenik, noiz eta garbiketa zein desinfekzioan arreta jarri behar dugunean. Are gehiago, gaixotasuna zabalduta zegoen garaietan, garbiketako langileek ez dute desinfekzio eta garbiketarako inolako formakuntzarik jaso, osasuna eta segurtasuna bermatzeko ezinbesteko baldintza izan behar zuenean.

Bestetik, Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoarekiko ez du inongo ardurarik hartzen, ez da urtarriletik egon diren mahai negoziatzaileetara agertu ere egin, “utzikeria erabatekoa izan da” adierazi dute sindikatuek. Gainera, haurreskolen aurrez aurreko itzulerarako irizpide ekonomikoak baliatu ditu soilik, irailean planifikatuta zegoen itzulera egun batetik bestera eta egokitzapen aldirik gabe aldebakarrez aurreratuz.

Horrengatik guztiagatik, sandikatuek Hezkuntza Sailari, osasun krisiak utzi duen irakasgaia kontuan izanik, zerbitzu publikoak orohar eta hezkuntza publikoa bereziki indartzeko erabakien ildoa har dezala eta langileen ordezkariekin elkartuz interlokuzio erreala zein benetako negoziazioa bideratzea exijitzen diote.

Hezkuntza sailak aldebakarreko erabaki murriztaileen bidetik jotzea eta jarraitzea erabakiz gero, sindikatuek adierazi dute erantzun sendo bat artikulatu beste biderik ez dietela utziko.

NEGOZIAZIOA BAI, MURRIZKETARIK EZ!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.