2021-02-09 11:35
Zergen bidezko ekarpen justua egin beharrean, 22 enpresek Sozietateen gaineko Zergan ordaindutako tasa erreala % 7,6 baino ez da izan 2019an. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak azpimarratu duenez, “enpresa handiek ez dute ia ezer ordaintzen; jasotzen dituzten 10 eurorengatik euro bakarra ordaintzen dute”. Sozietateen gaineko Zergan salbuespenik gabeko % 25eko tasa efektiboa aplikatu izan balitzaie, ELAk proposatzen duen bezala, ogasunek 225 milioi euro gehiago izango lituzkete 2019an, eta diru hori zerbitzu publikoen eta gizarte-babesaren garapenean inbertitu ahalko litzateke. Enpresa batzuek, mozkin handiak lortu arren, ez dute euro bakar bat ere ordaintzen zerga horretan. Petronor, Tubacex, Bridgestone, Pepsico edo GKNren kasuak dira. Lakuntzak salatu du gobernu eta patronalak eskutik helduta doazela. “`Auzolan´ bakarra Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen artekoa da, enpresa handiek zergak ez ordaintzeko egiten duten elkarlana, hain zuzen ere”. Bere hitzetan, enpresa handiak dira fiskalitatea arautzen dutenak. “Euskal lobbya dira, eta hori etikoki eta sozialeki onartezina da”. ELAk uda baino lehen premiazkoa den zerga-erreforma abiatzea exijitzen du, eta, beraz, bilerak eskatuko ditu Lehendakariarekin, ahaldun nagusiekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Datozen hilabeteetarako ere mobilizazioak iragarri ditu.

ELAk Euskal Herriko enpresa nagusien kontu ofizialak aztertu ditu, baita horien ikuskaritza txostenak ere. 2019ko kontu ofizialen arabera (informazioa dagoen azken urtea), EAEko 22 enpresek 1.295 milioi euroko irabaziak izan zituzten. Hala ere, enpresa horien guztien artean 98,7 milioi baino ez zituzten ordaindu Sozietateen gaineko Zergan. Hau da, 22 enpresa horien tasa erreala % 7,6 baino ez zen izan. Beste era batera esanda, euskal ogasunek 225 milioi euro jasotzeari utzi zioten enpresa horiengatik bakarrik; kopuru hori jasoko lukete salbuespen gabeko % 25eko tasa efektiboa aplikatu balitz, ELAk planteatzen duen bezala. “Ez da batere albiste ona diru nahikorik ez biltzea osasungintzarako, zaintza sektorerako, hezkuntzarako edo enplegua sustatzeko”, dio Lakuntzak. Bide beretik, enplegurako laguntzetan Europar Batasuneko azken postuetan gaudela gogorarazi du.

Kasu bereziki deigarriak eta salagarriak daudela dio sindikatuak, hau da, Sozietateen gaineko Zergan euro bakar bat ere ordaintzen ez duten enpresak: Petronor (135 milioi euroko irabaziak dituena); Tubacex eta Bridgestone (11,5 milioikoak); Pepsico (16,5 milioikoak); eta GKN (8,3 milioikoak), besteak beste.

Beste enpresa adierazgarri batzuek ere oso zerga gutxi ordaintzen dituzte beren mozkinei dagokionez. Horren adibide dira Mercedes Benz (irabazien % 10,4); ITP (tasa efektiboa % 4,6 da); CIE Automotive (% 5,4); Aernnova (% 7,6); Kutxabank (% 4,6); Euskaltel (% 11,1); edo Gasca (% 0,3).

EAEn, aztertutako enpresen artean, hiruk baino ez dute ordaintzen Sozietateen gaineko Zergan irabazien % 20 baino gehiago: Eurestek, % 33,9; Papresak, % 27,5; eta Construcciones Amenabarrek, % 22,7. Kopuru horretara hurbiltzen da Arcelor Mittal Olaberriak egiten duen ordainketa, 2019an irabazien % 19,9 ordaindu baitzuen.

Espainiako Estatuko adibideak

Badira beste enpresa batzuk gure lurraldean jardun, mozkin-maila handia izan eta ia zergarik ordaintzen ez dutenak. Horren adibide argiak dira Iberdrola eta Inditex taldea.

Iberdrolak, euskal erakundeek adibide gisa aurkeztu duten enpresak, 2019an 2.800 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan zituen, baina 36 milioi euro baino ez zituen ordaindu Sozietateen gaineko Zergan, hau da, irabazi guztien % 1,3. "Zerbaiten adibidea bada, jardunbide fiskal txar baten adibidea da", salatu du ELAk.

Inditex taldeak (8 markaz osatua dagoena, tartean Zara), 10.400 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, eta ez zuen euro bakar bat ere ordaindu Sozietateen gaineko Zergan. "Argi dago ez dela Amazon zergak ez ordaintzeko ingeniaritza fiskala erabiltzen duen enpresa bakarra. Inditexen jabe nagusi Amancio Ortegak erakundeei egindako dohaintzak erabiltzen ditu bere irudia garbitzeko. Hobe litzateke lortutako irabaziengatik zergak ordaintzea".

ELAk eskatzen duen % 25eko gutxieneko tasa efektiboa aplikatuz gero, Iberdrolak 703 milioi ordaindu beharko lituzke, Sozietateen gaineko Zergan ordaindu zituenak baino 667 gehiago. Inditex taldearen kasuan, 2.600 milioi lirateke.

EAEko enpresen Sozietateen gaineko Zergaren tasa efektiboa kalkulatuko balitz Iberdrolak eta Inditexek EAEn sortutako mozkinen zati proportzionala kontuan hartuta, tasa efektibo hori aipatutako % 7,6 baino txikiagoa izango litzateke.

Kooperatibak: ia zergarik ez

Aipamen berezia merezi dute aztertutako kooperatiba-enpresek, hauek ez dutelako ia zergarik ordaintzen. Hala, Ampok ez du euro bakar bat ere ordaintzen irabaziengatik, Danobatek ere ez (% 0,1 bakarrik), eta Irizarrek egindako ekarpena oso txikia da (% 4,9). "Kooperatibek Sozietateen gaineko Zergarik ez ordaintzea onartezina da", azpimarratu du sindikatuak.

Gauzak horrela, ELAk uste du marjina handia dagoela enpresek ordaintzen dituzten zergak nabarmen handitzeko, eta guztiz beharrezkoa dela, gainera, etikaren ikuspegitik, besteak beste, etekin handiengatik euro bakar bat ere ordaintzen ez duten enpresek behar bezala lagundu dezaten zerbitzu publikoak eta gizarte-babesa garatzen.

Sindikatuak salatzen duenez, fiskalitatearen auzian argi geratzen da botere politikoa eta ekonomikoa bat datozela. “Ate birakariak eta fiskalitatea txanpon beraren bi aldeak dira”, adierazi dute ELAko ordezkariek.

Premiazko erreforma fiskala

Aurreko guztia aintzat hartuta, ELAk uda baino lehen erreforma fiskala abian jartzea exijitu du, beste neurri batzuen artean, Sozietateen gaineko Zergan gutxieneko tasa efektibo erreala eta salbuespenik gabekoa % 25ean ezartzea jasoko duena. Erreforma horrek enpresen etekinengatik, aberastasunagatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergen igoera nabarmena jaso behar duela azpimarratu du sindikatuak, 2019ko maiatzean COVID-19ren osasun, ekonomia eta gizarte krisiari aurre egiteko egindako proposamenen ildotik.

Horretarako, Eusko Legebiltzarrean, Batzar Nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan berehala batzorde espezifiko bat abian jartzeko eskatu du, erakunde sindikalen eta sozialen parte-hartzearekin, erreforma fiskala eztabaidatzeko.

ELAk deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren edo Foru Aldundien borondate politiko eza, izan ere, haien esanetan, enpresek ezin izango lukete beren mozkinengatik zerga igoera jasan, eta datuek gezurtatu egiten dute hori. 

Hori dela eta, benetako egoera fiskala gizarteratzeko kanpaina bat garatuko du, erakundeak eta alderdi politikoak interpelatuko ditu Hego Euskal Herrian zerga-erreforma premiaz egin dezaten, eta bilerak eskatuko ditu Lehendakariarekin, ahaldun nagusiekin, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin. Datozen hilabeteetarako mobilizazioak ere iragarri ditu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.