2025-06-12 09:37
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetsi egin ditu enpresek aurkeztutako errekurtsoak, eta ELAk aurkeztutakoa onartu du. Beraz, ebatzi du Grupo Guardian eta Grupo Autoglas-Parter Capital taldeetako enpresek Autoglas OPCO BM SLko langile guztiei bidegabeko kaleratzeari dagozkion kalte-ordainak ordaintzea, erantzukizun solidarioa dutelako.

Ekainaren 12an jasotako epaiak berretsi egiten du Gasteizko Lehen Auzialdiko 7 zenbakiko Epaitegiko epailearen autoa, Autoglas OPCO BM S.L. enpresaren (Guardian) plantilla osoa azkentzeko enplegu-erregulazioko espedientea bidegabetzat jo zuena. Beraz, berretsi egiten da Autoglaseko espedientea ez zegoela justifikatuta.

Epaiak ondorioztatzen duenez, "aldatu gabeko frogatutako egitate batzuetatik abiatzen gara, non kontsulta-aldian fede onarekin bat ez datorren jarduketa bat agertzen den, GUARDIAN TALDEA eta AUTOGLAS – PARTER TALDEko kideei deitu zietelako; baita dokumentazioa ez aurkeztea edo partzialki entregatzea ere".

Era berean, ezartzen duenez, "langileentzako iruzur kasu argi baten aurrean gaude, baita kontsultaldian fede txarraren aurrean ere, eta lantalde patologiko baten aurrean". Epaiak, beraz, taldeko enpresen arteko lotura berresten du.

Epaiak bat egiten du ELAk salatutakoarekin: Guardian Europatik operazio bat antolatu zen Autoglasen jarduerarik gabeko egoera sortzeko; 2020ra arte enpresa berea zen, eta orduan gezurrezko salmenta egin zuen.

Epaiak magistratuetako baten boto partikularra du; boto horren arabera, ELAren errekurtsoa osorik baietsi behar da, kaleratzeen deuseztasuna deklaratuz.

ELAk oso positibotzat jo du ebazpen judiziala. Epaiak Grupo Guardian eta Grupo Autoglas-Parter enpresen aurka sindikatuak aurkeztutako kereila indartzen du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.