2018-01-26 09:52

Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, Ogasunak 2017an 3.682,6 milioi euro bildu ditu, 2016an baino %13,3 gehiago, eta sekula bildu den kopururik handiena dela esan du, 2007an bildutakoa baino gehiago.

Diru-bilketa handitzea berri ona da, nahiz eta oraindik ere asko dagoen egiteko. Europako bataz bestekoarekin dagoen aldea 1.600 milioi euro baino handiagoa da. Hala eta guztiz ere, ELAk diru-bilketaren hazkundea berdintasunaren aurka egin dela azpimarratu nahi du.

2017an 2007an baino 89,7 milioi euro gehiago bildu dira. Hazkunde hau lan errenten kontura eman da:

  • Lan errentek 2017an duela 10 urte baino 208,3 milioi euro gehiago ordaindu dituzte. Enpresek, aldiz, Sozietateen Zerga bidez 256 milioi ordaindu dituzte, duela 10 urte baino 351,8 gutxiago.

  • 2007an lan errentek diru-bilketa osoaren %26,3a suposatzen zuten, eta 2017an guztiaren %32a. Enpresek ordaindutakoa aldiz, %16,5etik %7ra pasatu da 10 urte hauetan.

Berdintasun ezaren eta pobreziaren hazkundea dira Nafarroan egin den politika fiskalaren ondorioa. Beharrezkoa da diru-bilketa gehiago haziko duen eta justizia sozialaren bidetik joango den erreforma fiskala.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2017a superabitarekin bukatuko dela iragarri du, diru-bilketaren hazkundearen ondorioz. Baina hazkunde hau ez da gastu sozialaren hazkundean bihurtuko, Madrilgo Gobernuarekin adostutako gastu erregelak zor publikoa ordaintzera behartzen baitu.

Hau guztia kontuan izanda, ELAk CENi horrenbestetan kritikatzen duten Nafarroako infernu fiskala nork sufritzen duen galdegiten dio.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.