2018-07-19 16:21
Eusko Jaurlaritza, Darpon Sailburua buruan, ez ditu bere ardurak hartu nahi eta orain salaketa egin duten oposiziogileak kriminalizatu nahi ditu: adierazi du Fiskaltzari eskatuko diola horietariko hiru ikertu ditzan.

Gaur Legebiltzarrean izandako agerraldi ikaragarriaren ostean, jakina dena errepikatzea besterik ez zaigu geratzen:  Osakidetzako EPEa mediku espezialistak hautatzeko sistema ustel baten parte bat besterik ez da eta Osakidetzak berak eta Eusko Jaurlaritzak ez daukate horrekin behin-betirako bukatzeko asmorik.

ELAtik urte askotan zehar salatu izan dugun bezala, EPE honetan gertaturikoa ez da izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema ustel horretako agintean zerbitzuburuak daude eta hori Osakidetzako zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren konplizitate eta babes guztiarekin.

Hala ere, Osakidetzak, Darpon Sailburuak buruan, ez du batere borondaterik EPEaren espezialitate medikoetako azterketetan gertaturikoaz zorrozki ikertzeko, ezta EPE horretan gertaturikoa ohiko prozedura bihurtu duen sistema ustel horrekin amaitzeko ere.

ELAk azpimarratu nahi du Osakidetzako EPEetan gertatu izan dana oso larria dela. EPE honetan, errealitate hori ezkutatzea ezinezkoa egin zaio Osakidetzari.

Zoritxarrez, gaurko agerraldia honakoa egiaztatzeko balio izan digu: filtrazioak ukatzen jarraitzen dutela; eta beraientzako, enplegu publikoan izandako iruzurra ikertzea dela azterketen emaitzen hausnarketa estadistiko soil bat egitea, besterik ez. Eta horri gehitu behar zaio Osakidetzak eta Darpon Jn.k hasieratik erakutsi egin duten konplizidade eta pasibotasuna. Eta guzti hori helburu bakar batekin: bihartik aurrera hautaketa sistema ustel hori indarrean mantendu dadila.

Pasa den astean galdetzen genuen ea zer gehiago gertatu behar den dagozkion erantzukizun politikoan galdatzeko eta Osasun Sailak, egoera hau salatzeko ausardia izan duten langileak babesteko. Langile horiek hasieratik kriminalizatuak izan dira.

Baina gaur, muga gainditu egin dute. Adierazi dute beste lau kategoriatan gertatutakoa ikertuko dutela baina argi daukagu horren asmoa ez dela benetazko ikerketa bat egitea, baizik eta horren itxura ematea. Baina horrez gain adierazi dute Fiskaltzari eskatuko diotela salaketa aurkeztu duten hiru oposiziogile ikertu ditzan.

ELAtik azpimarratu nahi dugu joera hori oso larria dela, gertatutakoa ikertu beharrean eta dagozkion ardurak galdatu beharrean, sinestarazi nahi digute gertatzen ari denaren errua gertatutakoa salatu dutenena dela, hain zuzen ere, jakina den egoera bat salatu izan duten horiena.

Egoeraren larritasuna kontutan hartuta, argi dago Darpon Jn.k ez daukala legitimidaderik Osasun Sailburua izaten jarraitzeko eta horregatik bere kargugabetzea eskatzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.