2020-06-29 16:17
Joan den otsailaren 20an, sektoreko langileek hainbat greba egun egin eta gero, Bizkaiko kiroldegien sektorean lan hitzarmenari buruzko aurreakordioa iritsi zen. Hau ondoren hitzarmenaren sinadurarekin burutu behar zen, baina urrats hori ez zen gauzatu alarma sanitarioa ezarri zenean. CEBEKek eta enpresek orain abagunea baliatu nahi dute aurreakordioa hausteko, eta sakoneko aldaketak ari dira proposatzen; honek hutsean utziko luke merezi zuten lan hitzarmena lortzeraino langileek egin zuten borroka luzea eta greba egunak.

CEBEKek eta enpresek orain abagunea baliatu nahi dute aurreakordioa hausteko, eta sakoneko aldaketak ari dira proposatzen; honek hutsean utziko luke merezi zuten lan hitzarmena lortzeraino langileek egin zuten borroka luzea eta greba egunak.

Izan ere, CEBEKek orain nahi du aurreakordioko inaplikazio klausula ezabatzea, datozen urteetan enpresek alde bakarreko erabakiz hitzarmena aplikatu behar ez dezaten.

ELAren ustez, sektoreko langileek argi asko adierazi dute arduraz jokatzeko borondatea, eta datozen hileetan ere horri eutsiko diete. Sektoreko enpresaren bat benetan krisi ekonomikoan badago bi alderdiak eseri eta negoziatzeko aukera hor dago. Alabaina, ELAk ez du onartuko enpresak alde bakarreko erabakiz hitzarmenetik salbuetsita geratzea. Hitzartu dena zorrotz bete behar da, eta edozein aldaketa egiteko enpresa bakoitzeko langileekin adostu beharra dago.

Horrenbestez, CEBEKen jarrerak langileak oso egoera prekarioan kokatzen ditu: Sektoreko lan hitzarmenik gabe estatu mailako hitzarmen baten eraginpean geratzeko arriskua dago (eta badakigu estatu mailako sindikatuek zer nolako baldintzak sinatu ohi dituzten).

Horregatik, ELAk datozen asteetan lanuzteak deituko ditu sektoreko lan hitzarmenaren alde. Badakigu ez direla egun egokiak eta gatazkak eragozpenak eragingo dizkiela, batez ere, uda betean igerilekurik gabe geratuko diren erabiltzaileei. Horregatik dei egiten diegu CEBEKi eta bere kide diren enpresei (baita herri-administrazioei ere) beren jarrera aldatu eta ez gaitzatela behartu mobilizazio horiek egitera. Oraindik garaiz gabiltza, baina argi geratu behar da ez dugula utziko hainbeste hilabetez egindako borroka alferrik galtzen.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.