2024-04-18 11:10
"Antolatu, borrokatu, irabazi" lelopean egingo du ELAk aurtengo Maiatzaren Lehena; lelo zuzen bezain argiarekin. Hala laburbildu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Ane Zelaia ELAko exekutibako kidearekin batera Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Idazkari nagusiak gogorarazi du lau gai nagusik laburbiltzen dutela egungo egoera sozioekonomikoa: enpresen etekinak handitu dira; langileen lan eta bizi baldintzek okerrera egin dute (erosteko ahalmenaren galera, zerbitzu publikoen okertzea, etxebizitza, prekaritatea...); gobernuen konplizitatea; eta ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiboen falta.

Errealitate horren aurrean, Lakuntzak defendatu du bestelako politika publikoak. “Patronalaren interesen eta botere ekonomikoen kontrako borroka politiko, sozial eta sindikala egitea da aldaketa soziala lortzeko jarrera koherente bakarra. Borroka hori alboratzen bada, langile klaseak beharrezkoak dituen aldaketak baztertzen dira. Ezkerreko espazioetan adostasunak lortu beharko lirateke egungo politikei aurre eginez, alternatiba sozial, feminista eta ekologista bat defendatzeko".

Negoziazio kolektiboko emaitzek eta prekarietatearen aurkako borrokak berresten dute ELAren kontrabotere ereduaren aldeko apustua. Nahiz eta langile klasearen gehiengoaren soldatek urteotan metatutako inflazioaren azpitik jarraitu (zati handi batean administrazio publikoetako langileei dagokienez), gure lurraldean negoziatutako hitzarmen kolektiboek estatukoek baino soldata igoera handiagoa izan dute (%4,6 zehazki, %3,5 aldean). ELAk sinatutako hitzarmenen batez besteko hazkundea are handiagoa izan zen: % 6,5. "Langileentzako lorpenak ez datoz ez erakundeetatik, ez elkarrizketa sozialeko mahaietatik; antolaketa kolektiboak eta borroka sindikalak bakarrik uzten digute aurrera egiten", nabarmendu du Lakuntzak. "Ondorioa agerikoa da: zenbat eta borroka sindikal eta greba gehiago, orduan eta hitzarmen gehiago eta hobeak".

Ane Zelaia: gastu militarrak gora, murrizketa sozial larriagoak

Bestalde, Ane Zelaiak gogorarazi duenez, Maiatzaren Lehena "mundu hobe bat irudikatzeko eta konprometitzeko urteroko hitzordua da", eta, horretarako, "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek eragiten dituen ondorio tragikoez jabetu behar gara". Ildo horretan, Zelaiak adierazi du "ELA kezkatuta dagoela belizismoaren gorakadagatik, gastu militarra gehiago handitu delako, eta, aldi berean, arlo sozialean austeritate politikak nagusitzen direlako. Benetako arduragabekeria da, armagintzaren mesedetan". Maiatzaren Lehenean ere ELAk berriro aldarrikatu Palestinako herriaren Estatua izateko eskubidea eta su etena. Israelgo armada Gaza eta Zisjordaniako biztanleekin egiten ari den genozidioa Mendebaldeko botere politiko eta ekonomikoen konplizitatean oinarritzen da.

Era berean, Zelaiak ohartarazi du Europako Batzordeak iragarri duela murrizketa politiketara itzuliko dela, eta "Europako egungo politikak ez direla berdeak, ez sozialak, ez bakera bideratutakoak". "Botere ekonomikoak etekinak pilatzen ditu; lotura zuzena dago gehiengoaren bizitzaren garestitzearen eta enpresa handien eta bankuen mozkinen handitzearen artean (59.400 milioiko mozkinak 2023an, IBEX 35ean bakarrik, 14.120 milioi euro EAEn kotizatutako enpresek), eta, aldi berean, elikagaien prezioa % 30 garestitu da hiru urteotan".

"Hori guztia -jarraitu du- konplizitate politiko batekin gertatzen da: aberastasunaren banaketa Gasteizko eta Iruñeko gobernuen politiketatik kanpo dago. Osasun publikoan inbertsiorik ez egitea, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, zaintza sistema pribatua eta prekarizatua... Horiek dira gure gobernuen politika sozialen gabezien erakusgarri nabarmenenak".

ELAk, azkenik, aitortu nahi izan du egunerokoan borroka sozialen zeregin militanteetan inplikatzen diren langileen konpromisoa. "Borroka horiek -azpimarratu du Lakuntzak- bizirik mantentzen dituzte mundu kapitalista deshumanizatu baterako dauden alternatibak; borroka horiek irekitzen dute etorkizunean Euskal Herri hobea egiteko aukera".

Horregatik, ELAk dei egin du Maiatzaren Lehenean Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioetan parte hartzera.

BILBAO. 11:30 – Jesusen Bihotza.
IRUÑA. 11:30 – Gurutzeko plaza.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.