2019-02-18 15:54
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek greba deitu dute otsailaren 26 eta 27 eta martxoaren 5, 6 eta 7rako. Urte bete baino gehiago luzatzen ari diren mobilizazio eta 21 greba egun ondoren, zerbitzua ematen duten patronalek, zein zerbitzuaren titularrak diren udalek, beste alde batera begiratzen jarraitzen dutela salatu dute. "Egoera honen aurrean, langileok, beste behin ere mobilizazio eta grebak deitzera behartuta aurkitzen gara".

 Sindikatuon agiria:

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kalitatean ematen ari den galera salatzen daramagu urte bete baino gehiago, bai asistentzia arloan baita lan baldintzen arloan ere. Ahaztu barik, hau, beharrizan egoeran aurkitzen diren pertsonen kopurua etengabeko hazkundean dagoen jendarte batean, ezinbesteko zerbitzua dela.

Sorospen arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduak jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, honekin, zerbitzuaren kalitatean galera emanez.

Lan arloari dagokionez, 5 urte baino gehiago daramatzagu soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Azken mobilizazio urtean zehar, gatazkaren konponbiderako pausuak ematea dagozkien subjektu guztiak interpelatu ditugu. Bizkaiko Udal garrantzitsuenetan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko kalitatea hobetuko zuten eta onartu diren mozioak aurkeztu ditugu, alderdi politikoekin bildu gara, Bilboko udaleko aurrekontuei alegazioak egin dizkiegu, sektore feminizatu moduan gure problematika EMAKUNDEri helarazi diogu, eta Patronalak, zuzenean, interpelatu ditugu.

Arduradunak seinalatzeko unean, ez dugu beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan, zein bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Guzti honetaz gain, martxoaren 8a gertu dago, instituzioen emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duten urteroko edukirik gabeko intentzio deklarazioekin batera. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin, berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Gatazka guzti honen atzean, emakumeok zapaltzen gaituen sistema oso bat dago. Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu, sistema berak bizirauteko, eta horregatik lan merkatuan eta kasu honetan etxez etxeko laguntzan, uzten diguten lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan ematen dira.

Honengatik guztiagatik, ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuok, borrokatzen jarraitzeko konpromisoa hartu eta hurrengo greba egunak deitzen ditugu:

  • Otsailak 26 eta 27.

  • Martxoak 5, 6 eta 7.

Honetaz gain, langile guztiak animatzen ditugu mugimendu feministak, martxoaren 8rako antolatutako greba egunarekin bat egin dezaten.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.