ARGIA.eus

2021eko urriaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2021-09-20 11:27
Ekainean eta uztailean egindako greba egunen ondoren, patronalaren berririk gabe iritsi dira langileak irailera. Horregatik, ELAk astebeteko greba deialdia egin du irailaren 20tik 24ra. Lehen egun honek babes zabala izan du, aurrekoen oso antzekoa. Hala erakusten du gaurko antolatutako mobilizazioetan- goizeko auto karabana zein eguerdiko elkarretaratzea APAVI patronalaren egoitza aurrean- langileen aldetik izandako parte hartzeak.

ELAk langileak zoriondu eta mobilizazioen bidea jarraitzera animatu nahi ditu. Izan ere, mobilizazioaren eta greben ondorioz, patronalak mugimenduak egin behar izan ditu. Hemen kokatu behar dugu, hain zuzen ere, Uztailak 28rako patronalak deitu zuen mahai negoziatzailea.

Halaber, mahai hartan patronalak aurkeztutako proposamena ez da nahikoa 11 urtez hitzarmena izoztuta daukaten autoeskoletako langileentzat, sektoreko langileen lan baldintzak eta sektorea bera erregularizatu eta duintzeko helburutik oso urrun baitago. Hala ere, adostasunak bilatzeko beraien proposamenek jarraitu beharreko ildoen nondik norakoa argi utzi zuen ELAk eta beste proposamen bat lantzeko galdegin zion, patronalak horiek jasoz.

Tamalez, gaur gaurkoz ez zaigu beste proposamenik iritsi. Hainbat autoeskoletako langileek aldiz, zehapen, kaleratze eta lan ordutegien aldaketa mehatxuak jaso dituzte.

ELAk, grebalarien aurkako mehatxuak alboratu eta gatazka bideratzeko balizko proposamenak mahai gaineratzeko eskatzen dio APAVI zein patronal honen kide diren autoeskola guztiei.

Autoeskoletako langileek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe, eta sektoreko langileen soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak oro har erabat prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuetan.

Sektorea duintzeko, profesionalizatzeko eta bere aldeko benetako apustua egiteko, ezinbestean erregularizatu eta duindu behar dira gero eta prekarioagoak diren lan- eta soldata-baldintzak. Horregatik, sektoreko langileek aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako alderdi hauetan:

  • Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, hilean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.

  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.

  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21: 00etatik aurrera luzatu daitezkesektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.

  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.