2025-06-26 10:56
'Mi deseo no cabe en tu armario. Bisexualitatea ere baDA' lelopean, bisexualitatearen aurkako jarrerak salatu dituzte June Fernández kazetari eta aktibista bisexualaren eta Daniel Hernándezen eskutik, Durangon egindako ekitaldi batean. 'Sentiarazi digute ez garela benetazko bollerak edo marikak'

‘Mi deseo no cabe en tu armario. Bisexualitatea ere baDA’ lelopean, ELAk bisexualitateari buruz hausnartu du Durangon antolatutako ekitaldi batean, Sexu Askapenerako Egunaren atarian. Horretarako, June Fernández kazetari eta aktibista bisexuala eta Daniel Hernández izan ditu bidelagun.

Solasaldiari ekin baino lehen, Izaro Galfarsoro Genero Politikako kideak hartu du hitza eta bisexualitatea izan du hizpide, “sarri baztertua, isilarazia edo desitxuratua izan den identitate hori”. Bat dator June Fernández. Bere esanetan, “pertsona bisexuakek bazterkeria bikoitza jasaten dute: jendartean eta LGTBIQA+ mugimenduaren baitan”.

Are gehiago, Fernándezek dio bereziki mingarria dela izaera politikoa ez aitortzea LGTBIQA+ mugimenduaren baitan, horrek espazio segurua izan beharko lukeela argudiatuta. Arrazoi nagusia da, dio, identitate politikoaren izaera ukatzen diotela: alegia, bisexualitatea sexu orientazio izaerara murrizten dutela, eta identitate politiko moduan bollera eta marika soilik onartzen dela.

“Euskal Herriko mugimendu lesbofeministan, tamalez, indar handia daukate postura bifoboek, esaterako, transmaribollo esapidearen hautua, eta ez transmaribibollo. Hautu horiek interpelatu ditugunean, erantzuna izan da bisexualitatea ez dela politikoa, bisexualak kuirrak badira, bollerak, marikak edo transak izango direla”, kexu da. Bere ustez, logika horrek ez dauka zentzu handirik eta iruzurtiaren sindromea sentitzera daramatza, edota LGTBIQA+ mugimendutik at geratzera, sentitzen dutelako ez direla “benetazko bollerak edo marikak”, dio Fernándezek.

Galfarsorok adierazi du sarritan ez dela ulertzen orientazio sexual legitimo gisa, eta uste okerrez lotzen dela “fase” edo nahasmen egoera batekin. “Baina ez da ez nahaste bat, ez erdibide bat: sistema binarioaren eta heteronormatiboaren aurkako haustura da”, esan du irmo.

Horrekin bat dator Dani Hernández. Argi dauka bisexuala izatea identitate politikoa dela eta espazio kulturalak, sozialak, familiarrak, lanekoak, feministak edota militanteak eraldatzeko gaitasun handia duela.

Bisexualitatearen aurkako jarrerak irmo salatu ditu June Fernándezek. “TERF (feminista erradikal trans gorrotatzaileak) mugimenduak indar handia duen honetan, erabat kontraesankorra da transfeminista eta bifoboa izatea. Are gehiago, bisexualok gaitasun handia dugu zisexismoarekin apurtzeko, askotariko gorputz eta genitalekin eroso sentitzen garelako. Bisexualon subjetibitatean, erraztasun handiagoa dago gorputzekiko errespetuzko jarrerak izateko, eta baita ere ulertzeko identitateak aldakorrak izan daitezkeela”, azaldu du.

Hipersexualizazioa eta armarizazioa

Bisexualitatean ere, gizon eta emakumeen artean ere tratua ezberdina da. Fernandezek dio emakume bisexualen hipersexualizazioa oso nabarmena dela, beti ere, emakume jakin batzuena: argalak, femeninoak, gazteak, lirainak.

“Hipersexualizazio horren erruz, eta gure desira askea mehatxu gisa ikusteagatik, ikerketen arabera emakume bisexualok sexu indarkeria eta indarkeria matxista tasa bereziki altuak ditugu”, salatu du.

Gizonen kasuan, berriz, azaldu du gizon zisak bereziki isolatuak daudela, erreferente mediatiko zein gertukoen falta handiagatik. “Batzuk marika komunitatean bizi dira, eta beste batzuek bizimodu normatiboak dituzte, oso armarizatuak, bizitza paraleloekin. Adibidez, emaztea dute, harreman irekia, baina kuadrillakoek eta ingurukoek ez dakite gizonekin sexua izaten dutela”, azaldu du.

“Ez da bisexualaz hitz egiten, ikusezinena da. Hemen oso informazio gutxi dugu gure pertsona erreferenteei buruz. 90eko hamarkada baino lehen ez genuen inor aurkitu”, gaineratu du.

Zuriketa instituzionala

Leire Gallego ELAko Genero Politika ataleko arduradunak azaldu du sexu askapena ez dela soilik sexu bereko pertsonak maitemindu daitezkeela onartzea, baizik eta demokrazia eta eskubide zibilen aldeko borroka.

Eta hain zuzen borroka eremu bat delako, Jone Bengoetxea saileko kideak salatu du Bilbon, agintari politikoek LGBTI+ kolektiboaren erabilera instrumentala egin nahi dutela, “marka komertzial eta instituzional hutsa bilakatu dadin”.

Izan ere, ekainak 21ean, diru publikoz hornituta, karroza desfile bat antolatu zuen Ortzadar LGTBI erakundeak, Bilbon, ekainaren 28ko deialdian baztertuak sentitzen zirela argudiatuta. Ondorioz, bi manifestazio egongo dira: bat ekainaren 21ean egin zena, eta bestea ekainaren 28koa. Are gehiago, kexu da Bengoetxea, 28ko manifestazioa orduz aldatu behar izan da (12:00etan izango da) arratsaldean BBK banku fundazioak bere hamargarren urteurrenerako kontzertuak antolatu dituelako ibaiaren parean.

“Ortzadarrekoek diote:“Queremos ser un destino turístico diverso y de valores. Non geratzen dira hor ertzetako pertsona eta kolektiboak? Non Stone Wall-eko erreklamoak? Benetan uste al dute LGBTI pertsonen eskubideak salmentan egon daitezkeela?”, salatu du Bengoetxeak.

Eta Pinkwashingaren (zuriketa instituzinala) ildotik, Leire Gallegok Palestina ekarri du gogora. Genozidioa salatzeaz gain, kritikatu du Israelek LGBTI marka erabiltzen duela bere irudia zuritzen jarraitzeko. “Besteak beste, homokapitalismoaren eredu da”, baieztatu du.

Lantoki bizigarriak

ELAk argi dauka sexu askapenerako eguna ez dela marka bat indartzeko eguna, borrokatarako eguna baizik. Eta borroka horrek bere isla izan behar du egunerokoan ere, hortaz, baita lantokietan ere. Izan ere, langile klasea anitza da, Gallegok azpimarratu bezala. LGBTI borrokekin azaleratu egiten dira langile klasearen baitan dauden aniztasun eta interes ezberdinak, azaldu du. “Hori da transfeminismoak egiten digun gonbita: gizon zuri, hetero, klase ertain eta ustez osasuntsu dagoen horretatik haratago joatea, hortik kanpo gelditzen diren gorputz guztiak begiratzea”, gehitu du.

Jone Bengoetxeak lantoki seguru eta bizigarriak aldarrikatu ditu LGBTI pertsonentzat.

Azkenik, Ekainaren 28rako deitutako manifestazioetan parte hartzera deitu dute:

 

  • BILBO 12:O0. La Casillatik.
  • DONOSTIA 18:30. Bulebarretik.
  • GASTEIZ 19:00. Andra Zuriaren Plazatik.
  • IRUÑEA 19:00 Baluartetik.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.