ARGIA.eus

2019ko ekainaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-02-21 16:34
Epaian frogatutzat jo da hildako langilea silize-hautsarekiko esposizioan egon zela lan-harremanen iraupen osoan, Joaquín Bereciartua, S.A. enpresan, Lgeazpin (Gipuzkoa), "arrisku-maila onartezinetan".

Lan-arloko Eibarko epaitegiak deklaratu duenez, langileak 2017. urtean harturiko aldi baterako ezintasunaren baja -birika-minbiziaren diagnostikoa zuena- lanbide-gaixotasunaren ondorioa izan da.

Epaian frogatutzat jo da lanbide-gaixotasunaren ondorioz hil zela, silize-hautsarekiko esposizioak eragindako minbiziagatik, hain zuzen ere.

Epaian jasotzen da, halaber, enpresa horrek denboran zehar irregulartasun oso larriak egin dituela langileen lan-segurtasun eta osasunaren arloan. Horren haritik honela dio: hildako langilea "silize-hautsarekiko esposizioan egon zen haren lan-harremanetan zehar, onargarri diren mailetatik gora, eta horren ondorioz birika-gaixotasuna sortu zitzaion", hala jasota baitago Industria Osasunaren Txostenean, auto judizialetan agertzen dena. Eta, gainera, 2009. urterako, hildako langilearen silize-hautsarekiko indizeek "arrisku-maila onartezina" erakusten zuten.

Alde horretatik ELAk gogor salatzen du enpresaren arduragabekeria; izan ere, segurtasun-neurririk eza izan da enpresa horren eguneroko ohitura. Epaian esandako beste hau ere azpimarratu beharrekoa da: bai hildako langileak, bai haren lankide batzuek ere, silikosi-diagnostikoa zuten 2010. urteaz geroztik; eta, hala ere, enpresak ez zien jaramonik egin Osalan-en gomendioei. Ildo beretik, segurtasun-gabezia nabarmenak eta lazgarriak zeudela ohartarazten zen, eta Osalanen ustez onartezinak ziren arrisku-mailak gutxitzeko berehalako neurriak hartzea exijitzen zitzaion enpresari. Epaia oraindik irmoa ez bada ere, ELAk oso ondo deritzo, bide ematen baitie hildakoaren senitarteei kalte-galeretako erreklamazio judiziala egiteko.

Kristal-silizearekiko esposizioan behar bezalako neurririk gabe egoteagatik birika-minbiziaz langile hori hil izana oso gertakari larria da; eta enpresek, horri erreparatuz, beharginak babesteko neurriak hartu beharko lituzkete behingoz, eta auzibidea alde batera utzi, inolako beharrik gabe eragindakoak eta haien senitarteak berriro biktimak bihurtu behar baitira.

ELArentzat atzeraezinezkoa da administrazio publikoek lan-osasuna beren agenda estrategikoan sartzea, lan-segurtasun eta osasunaren arloko lege-xedapenak benetan eta egiatan betetzeko asmoz. Alde horretatik, agente kartzinogenoekiko esposizioa duten enpresen erregistroak berehala eratzeko erreklamatzen dugu, eta baita horrelako agenteek plantilletan duten eraginari jarraipen medikoa egiteko ere.

Azkenik, ELAk garrantzia handikotzat jotzen du epaia, lanbide gaixotasunen arloan iazko maiatzean indarrean sartu zen lege-aldaketa aplikatu baita. Izan ere, zientziaren eta medikuntzaren urtetako eztabaiden ostean, birika-minbizia silize-hautsarekiko esposizioa lanbide-gaixotasunen artean sartu zen aipaturiko lege-xedapen horren bidez.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.