2019-03-28 11:19
Bilboko suhiltzaileek protesta bilkura egin dute udaletxe aurrean euren egoera jasangaitza dela salatzeko. Hileko azken ostegunero bezala udalean osoko bilkura zegoela baliatuz, euren aldarrikapenak jasotzen dituen idatzi bat zabaldu dute.

Asko dira Bilboko suhiltzaileen izenean Jon Andoni Herraizek eta Ander Iturriagak luzatu dituzten gabeziak. “Enpleguari dagokionez, prekarietatea izugarria da. Bitartekotasun tasa onartezina da,%50aren bueltan dago. Egoera hau zela eta, langileek behin eta berriz eskatu diogu udalari EPEen inguruko planifikazio bat egin zezala hutsik dauden lanpostuak langile finkoz betetzeko, zerbitzuak dauzkan azpi-eskala eta kategoria guztietan. Baina, zoritxarrez, hau ez da horrela izan”.

Langile eta planifikazio falta ere arazo larriak dira Herraiz eta Iturriagaren ustez. “Gutxienez 31 lagunetako guardiak behar ditugu. Gaur egun kasu askotan kopuru horretatik behera gaude, oinarrizkoa den zerbitzu honen kudeaketa egokia arriskuan jarriz. Gainera, planifikazio falta nabarmena da; formazioan dauden hutsuneak eta dagoen espezialista falta horren lekuko dira”.

ELAko ordezkariek borrokan jarraitzeko asmoa iragarri dute, suhiltzaile zerbitzuko langile guztien egonkortasuna lortu arte. “Udaleko arduradunei eta alkateari berari dei egiten diegu gurekin eseri daitezela, benetako egoera zein den azaldu eta enpleguaren prekarietatearekin bukatu eta hiritarrentzako oinarrizkoa den zerbitzu hau indartzeko behar diren neurriak adostu eta martxan jartzeko”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.