2021-04-13 15:12
WÄRTSILÄ multinazionalak lau langile kaleratu ditu Bermeon, bat-batean eta azalpenik eman gabe. Ondorioz, bost eguneko greba egitea erabaki du langile batzordeak, gaurtik hasita.

Itsasontzien motorren alorrean diharduen multinazionala da Wärstilä, eta ELAk uste du lan batzuk deslokalizatzeko egin dituela lau kaleratzeak; lana berrantolatzeko nahiaren ondorioz.

Langile batzordeari jakinarazi gabe eta kaltetuei bestelako aukerarik eman gabe egin ditu kaleratzeak, eta langileei ez die enpresako beste lekuren baten kokatzeko aukerarik eskaini; nahiz eta ehunka aparteko ordu egiten dituzten urtean zehar. Gainera, langile horietako batek 40 urte baino gehiago zeramatzan bertan lanean.

Batzordeak berak eskatu zion enpresari erabakia bertan behera uzteko eta mahai baten inguruan elkartzeko, erabakia eztabaida zezaten. Enpresak ez du eskaera onartu, eta LAB eta ELAko langile batzordeak oraingoz bost eguneko greba deitu dute; lanpostua galdu duten lau kideen zein langile guztien lanpostuen defentsan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.