2025-05-30 07:33
Funtzio Publikoko kontseilariaren hitzetan, Administrazioan langileen %16,36 behin-behinekoa da. Konptos Ganbarak argitaratutako azken txostenaren arabera (2024/19 Nafarroako Kontu Orokorrak ), berriz, %47. Itzela da portzentaien arteko aldea, horren objektiboa den datu baten inguruan gainera.

Nola jakin dezakegu orduan zein den benetako portzentaia? Pentsa dezakegu Konptos Ganbarak ez daukala interes berezirik datuak estaltzen; Gobernuak, bestalde, arazo larri bat dauka behin-behinekotasunarekin, Europatik datorren aginduak betetzetik oso urrun dagoelako, hots, portzentaia %8tik beherakoa izatea. Datuak eskandalugarriak izan ez daitezen, Gobernuak -honek eta aurreko guztiek- formalki diseinatua daukan plantilla organiko-aren gaineko behin-behinekotasun tasak ematen ditu soilik, hau da, plantilla formal horretatik kanpo dauden plazak ez ditu kontuan hartzen. Sektore nagusietan, eta hezkuntzan bereziki, plantillan agertzen ez diren milaka lanpostu beharrezkoak dira urtero. Alabaina, plaza hauek berritzen doaz urtez urte eta Funtzio Publikoak ez ditu plantillan sartzen, egiturazko beharrei erantzuten badiete ere, koiunturalak izango balira bezala tratatzen dituelako. Honen ondorioz, Gobernuak ematen dituen behin-behinekotasun portzentaietan plaza hauek guztiak existituko ez balira egiten du, formalki diseinatutako plantilla horretatik kanpo daudelako. Zehazki 8.820 plaza dira Administrazioko errealitateko parte direnak baina plantillatik kanpo daudenez, alde batera uzten direnak datuak ematen direnean. Modu honetan, lanean ari direnen ia %30 ezabatzen ditu Nafarroako Gobernuak.Beraz, Kontseilariak ematen dituen datu baikor horietan garrantzitsua litzateke matizatzea nondik ateratzen duen Gobernuak portzentaia, Konptos Ganbarak ematen duen datuarekin dagoen aldea gizarteari azaltzearren.

Behin-behinekotasuna Administrazioak daukan arazo handienetako bat da, langileen bizitzetan zein zerbitzu publikoen kalitatean eragiten duen kalteagatik. Gainera, zerbitzu publikoen pribatizaziorako lehen pausua da, finkaturik ez dauden lanpostu horiek edozein momentutan amortizatu daitezkeelako. ELAk egoera honekin bukatzeko mobilizazioak sustatu ditu azken urte hauetan eta proposamen zehatzak egin ditu behin-behinekotasuna %8tik behera egon dadin. Ezezko borobila jaso du Nafarroako Gobernuaren aldetik, proposamenak Estatuak dituen eskumenetan eragiten baitu. Beste modu batetara esanda, Nafarroako Gobernuak ezin du behar haina langile publiko egonkortu, Madrilek inposatzen duelako urtero zenbateko lan eskeintza egongo den erkidego bakoitzean. Egoera hau autogobernuaren kontrako esku-sartze bat dela garbi dauka ELAk. Horregatik behin eta berriro eskatu die hemengo alderdiei Madrilen Nafarroako eskumenak defenda ditzaten, gure zerbitzu publikoen hobekuntzarako Estatu espainiarra galga bat delako.

Langile publikoen egonkortzea izan zen, besteak beste, apirilaren 9an grebara eraman gintuen aldarrikapenetako bat. Egun horretan Mahai Orokorreko bost sindikatuok Nafarroako Administrazio guztietan zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioan parte hartu genuen.

Greba egun horren ondoren etorri da pasaden astean Parlamentuak ontzat eman duen Dekretu-legea,“Behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak” jaso beharko lituzkeena. Gobernuak arau berri honen defentsan propaganda handia egin du, sindikatuen aldarrikapenei erantzun moduko bat izango balitz bezala.

Testuinguru horretan bereziki da mingarria LAB sindikatuak dekretuari aldeko bozka eman izana, Mahai Orokorreko bileretan Funtzio Publikoak ez digunean azaldu nola edo zenbatean murriztuko den dekretu honen ondorioz behin-behinekotasuna, horretarako aurreikuspenik ez duelako egin. Greba egin genuen sindikatuok Gobernuaren kontra egon beharko genuke neurri eraginkorrak onartu arte, eta ez Gobernuaren alboan, LABek erabaki duen moduan.

Dekretu honen bitartez, eszedentziak lortzeko funtzionarioek bete beharreko baldintzak gogortuko dira. Hori ere salatu dugu sindikatu bezala, atzerapauso bat baita langile publikoek aitortuta zituzten eskubideetan. Baina ELAk bereziki salatu nahi duena da Dekretu honek -orain Lege bezala tramitatuko dena- ez duela behin-behinekotasuna murrizten lagunduko. Kezkagarria iruditzen zaigu Parlamentuan PSN, Geroa Bai, EH Bilduren babes esplizituarekin eta Contigo Zurekinen abstentzioari esker dekretuak aurrera jarraitzea, eta neurri hau behin-behinekotasuna murriztearen aldeko apostu irmo bat bezala iragartzea, Nafarroako Gobernua ez denean ari behin-behinekotasunaren kontrako neurri esanguratsurik hartzen. Gobernuak ongi daki zer egin beharko lukeen behin-behinekotasuna murrizteko; lan eskeintza masiboak egin, gaur egun lanean ari diren milaka langile kalera joango ez direla bermatuz.

Hori egiten ez duen bitartean, ELAk presionatzen jarraituko du. Hasteko, Gobernuak ematen dituen makillatutako datuak zalantzan jarriz. Honez gain, marko juridiko eta politikoa ontzat ez emanez, hau da, Estatutik datozen arauen kontra eginez. Era berean, Dekretu honekin gertatu bezala, ez dugu Gobernua zorionduko ezta sarituko ere langileengan eta zerbitzu publikoetan hobekuntzarik ekarriko ez duen araudiak onartzen baditu. Mobilizazio eta greba gehiago beharrezkoak izango dira langile publikoen eta gizarte osoaren ongizatean eragina edukiko duen neurriak lortu ahal izateko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.