2024-04-19 12:50
Atzo, apirilak 18, Haurreskolak Partzuergoko langileen mahai negoziatzailea ospatu zen. Bertan, Hezkuntza Sailak eta Partzuergoak bi gairen inguruko akordio partzialak egiteko aukera jarri zuen mahai gainean. Hitzarmenaren inguruko aurrerapauso gabeko artikulatu bat ere aurkeztu zuten.

Alde batetik, ekoizpen kontratuak luzatzeko akordio proposamena, behin-behineko kontratu hauen iraupena 6 hilabetetatik 11 hilabetetara luzatuz. ELA oso kritiko agertu da Partzuergoak behin-behineko kontratuen erabilpena egiten jarraitu nahi duelako, are gehiago ELAk irabazitako sententzia batek berriki 77 langile finko egiteko betebehar legala inposatu dionean. ELAk kontratazio mota honen luzatzea ez du alboratzen, baina bere erabilpena oso salbuespenezkoa izan behar da. Ezin dira behar estrukturalak behin-behineko kontratuekin asetu. Horregatik, Hezkuntza Sailari eta Partzuergoari eskatu diegu sententziak agindutakoa betetzea, errekurtsoa erretiratzea eta 77 plaza horiek lehenbailen esleitzea. Baita behin behinekotasun erreala % 8ra jeisteko kontsolidaziora bideratu beharreko lanpostu kopuru gehigarrien negoziaketari ekiteko ere. Partzuergoak eta Hezkuntzak ordea errekurtsoarekin aurrera egiteko asmoa adierazi dute. 77 langile kontsolidatzeko aukerari uko egiten dioten bitartean, behin behineko kontratuen erabilpena egiteko babes sindikala bilatu dute, LAB eta STEILAS sindikatuek ontzat eman dutena.

ELAk meritu lehiaketan lanpostua esleitu gabe geratu diren behin betiko zerrendetako 77 langile finko egin daitezen borrokan jarraituko du, eta behin behinekotasuna % 8ra jaisteko beharrezko lanpostu kopurua gehigarria meritu lehiaketara deitzeko negoziazioa bultzatzen.

Beste alde batetik, 63 urtetik aurrera lanaldia heren batean murrizteko aukera planteatu dute, ordainsarietan eraginik izan gabe, errelebo-kontratua hitzartzeko baldintzak ematen ez badira. ELAk begi onez ikusten du neurri hau; izan ere, bai izandako mahai negoziatzaileetan bai azken hilabeteetan izandako grebetan Partzuergoko langileen erretiro eta gazteberritze planen inguruko hainbat proposamen aldarrikatu ditugu. Hala ere, erretiroaren inguruan egindako aldarrikapen guztien artean hau aurrerapauso xume eta eskasa da. Neurri hau aplikatu nahi badute, aplikatzeko galdegiten die ELAk, baina ez dugu onartuko gure eskaeretatik oso urrun dagoen eduki baten truke akordio eta negoziaketa itxura emateko erabil gaitzaten.

Aurtengo ikasturtean hiru greba egun gauzatu dituzte Haurreskoletako langileek eta greba hauek eragindako oinarrizko aldarrikapenen inguruko eduki seriorik ez dago: Ez da langileen eros-ahalmena bermatzeko neurririk proposatzen, ez dago jardunaldi murrizketa nahikorik, ez dago lan-kargak murriztuko dituen ratioen proposamen egokirik (are gehiago, atzerapauso batzuk proposatu dizkigute), ez dago lan-osasunaren inguruko hobekuntzarik, erretiro eta gazteberritze planen inguruan aurretik aipatutako neurri eskasa bakarrik. Egoera honen aurrean bi akordio partzial mahai gainean jartzea apurrak ematea besterik ez da.

ELAk ez ditu eskasak diren akordio partzialak sinatuko, Haurreskolak Partzuergoko langileen lan-baldintzen defentsan oinarrizko edukien inguruan inolako proposamenik ez dagoenean. Egungo egoerari eta mobilizatzera behartu dituzten aldarrikapenei osoko erantzuna edo gai zehatzetan eduki esanguratsuak behar ditugu, eta mahaietaz haratago ekintza sindikala probestuko dugu bide horretan.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.