2020-10-08 17:36
Urriaren 7an Baiko enpresaren eta greba batzordearen artean izandako bilerak ez du inola ere gatazka etetea ahalbidetu. Gauzak horrela, 12 greba egun deitu dituzte urrian zehar (urriak 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26) euren lan baldintzak defendatzeko eta errespetua zein gardentasuna aldarrikatzeko.

Baikoko pilotariek aurrera egingo dute greba deialdiarekin. Hala erabaki dute, aho batez, ELAk Bilbon duen egoitzan egindako asanbladan. Bertan, urriaren 7an Baiko Kirola enpresarekin izandako bilera aztertu dute eta pilotarien erabakia irmoa izan da: grebara doaz.

Urriaren 7ko bileran Baiko enpresak izandako jarrera eta gaur Jose Ramon Garaik egindako adierazpen publikoak onartezinak direla baieztatu dute. “Garbi dago bilera horren helburua ez zela inola ere gatazkari irtenbide bat bilatzea”, kexu dira. “Greba testuinguru batean negoziazio bilera batera esku hutsik etortzea ez da onargarria, eta argi geratu zen adostasun batera heltzeko borondate eza”.

Azaldu dutenez, Baiko Enpresak ez zuen langileen aldarrikapen bat bera ere aintzatetsi, eta orokorrean “hausnarketa prozesu” bat irekitzeko prest daudela baino ez zuten esan. Jarrera hori ikusita eta Baiko Kirola enpresak gardentasun ekonomikoaren aldarrikapenari muzin egiten diola ikusita, datozen egunetan ELA-k juridikoki aztertuko ditu Bainet Taldea, S.L. eta Baiko Kirola, S.L. enpresen arteko merkataritza-harremanak, eta horren ondorioz egikaritu litezkeen akzio legalak.

Gauzak horrela, “pena eta haserre handiz baina gogotsu”, langileek greba deialdia mantentzea erabaki dute. Datozen egunetan ikusiko da Baiko Kirolak eta EPE-ek (Eskuzko Pilota Enpresen Ligak) benetako borondatea duten gatazkari irtenbide bat emateko, ala kontrara, langileen greba eskubidea urratu eta bazterrak are gehiago nahastea erabakiko duten.

“Denon hobe beharrez, baina batez ere hainbeste maite dugun Pilotaren hobebeharrez, ELA-k eta pilotariok negoziaketa zintzo bat egiteko deia egiten diogu enpresari. Gu hemen izango gaitu zain”, baieztatu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.