2019-10-29 16:21
ELA, LAB, UGT eta USOk greba deitu dute azaroaren 5 eta 28rako. Lanuzte partzialak ere iragarri dituzte hile bereko 4 eta 27rako, zerbitzu hobe baten defentsan eta lan-baldintza duinen defentsan. Duela bi urte baino gehiago ekin zioten mobilizazioari Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsan. Negoziazio kolektiboaren bidez langileen lan-hobekuntzak aldarrikatu dituzte urte hauetan. Sektore feminizatu eta prekarizatuetan erakunde publikoek agertzen duten arduragabekeria salatu dute.

Langileek prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez, Etxez Etxeko Laguntza titulartasun publikoko zerbitzua da, zehazki udal-titulartasunekoa. “Udalek erabaki dute, hain zuzen, kudeaketa pribatizatzea lehiaketa publikoen bidez, eta, beraz, funtsezko zerbitzu hori kaudimen sozial urria duten enpresen esku uztea”.

Azaldu dutenez, Bizkaiko hainbat udaletan mozioak aurkeztu izan dituzte urte hauetan sektoreak eta langileek pairatzen dituzten egiturazko arazoei irtenbidea emateko. Horietan, besteak beste, honako hau eskatzen zen:

  •  Kontratupeko orduak bermatzea.
  • Langile guztientzako subrogazioa sartzea.
  • Neurri egokiak laneko osasunaren arloan. Izan ere, jatorri psikosozialeko lan-arriskuekiko esposizio handiko jarduera da eta plantillek – ia guztiak emakumeak eta adin ertainekoak – gaitz muskulueskeletiko garrantzitsuak pairatzen dituzte.
  • Langileek parte hartuko duten kontrol-mekanismoak ezartzea.
  • Orduko prezio nahikoa beste lan hobekuntza batzuk bermatzeko, 7 urtetik gorako soldata izozketa pairatzen baitute jada langileek.

Hainbat udalerritan onartu zituzten mozioak; garrantzitsuenak, Bilbo, Barakaldo, Santurtzi, Portugalete eta Mungia izan ziren. Gaur-gaurkoz, mozioetan jasotako konpromisoak ez dira bete.

Enpresek lan-kosturik beren gain hartzea ezinezkoa zela adierazten zutenez eta udalek baldintza-agirietan ezarritako orduko prezioa nahikoa zela argudiatzen zutenez, negoziazio-mahaia desblokeatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzari bitartekaritza bat eskatu zioten. Gogoratu beharra dago Jaurlaritza dela gizarte-zerbitzuak arautzen dituen erakundea, Gizarte Zerbitzuen Legearen babesean. Mahaian EUDELek, enpresa kudeatzaileek eta langileek eseri behar zuten, hau da, sektoreko alde guztiek.

“Hainbat bilera eta gero, Eusko Jaurlaritzak proposamen lauso bat planteatu zuen, bere erantzukizuna diluitzen zuten edukietan. Udalerriei eta enpresei egokitutako proposamena zen, ez baitzituen emakume langileek pairatzen dituzten arazoen funtsezko alderdiak aintzat hartzen: lan-osasunaren arloan ezer egokirik ez zuen aurreikusten, ez lan-poltsak, ez soldatak zehaztu, besteak beste”, salatu dute.

Hala ere, patronalak atzera bota zuen Jaurlaritzaren proposamena, eta bere eskaintza 0 izan zen arlo ekonomikoan. Bitartekaritza amaitutzat eman zen; izan ere, patronalek erakutsi zuten ez daudela negoziatzeko prest. Jarrera arduragabea eta onartezina erakutsi zuten. “EUDELek, bere aldetik, lehenengo bilerara baino ez zuen joan, eta aditzera eman zuen ez dagokiola kanpoko gatazka bat dela, eta, jakina, ez zaiona interesatzen”.

Euren lana gutxiesten dela baieztatu dute. “Hori da, eta ez besterik, oinarrizko etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren titularrek duten konpromisoa, bat ere ez. Hori da, eta ez besterik, feminizatutako eta prekarietate-faktore garrantzitsuak dituzten langile-sektoreekin duten konpromisoa, bat ere ez”.

Joan den ikasturtean 27 eguneko grebaren ondoren eta EUDELekin, Emakunderekin, alderdi politikoekin, udalekin, patronalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta abarrekin izandako elkarrizketak izan eta gero, langile gisa errespetatuak ez direla gehitu dute.

“Mobilizazioa, greba eta konfrontazioa beste biderik ez digute uzten gure eskubideen, gure hitzarmenaren, gure osasunaren eta Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan. Gatazka areagotzera bultzatzen gaituzte”

Hau da azarorako greben eta mobilizazioen egutegia:

  • GREBA EGUNAK: azaroaren 5ean eta 28an.

  • LANUZTE PARTZIALAK: azaroaren 4an eta 27an, 07: 00etatik 11: 00etara. Jardunaldi guztietan mobilizazioak egingo dira, eta horiek zehazten joango dira.

  • MOBILIZAZIOA Bilbon azaroaren 23an.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.