2022-12-02 11:12
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dute desenpleguak behera egin duela azaroan enplegu prekarioaren kontura.

Bizi dugun ziurgabetasun-egoerak arnas txikia eman dio EAEko desenplegu datuei; Nafarroan, berriz, gora egin du enplegu gabeen kopuruak. EAEn 1.035 enplegu gabe gutxiago daude; Nafarroan, aldiz, hirugarren hilabetez jarraian igo da, oraingoan 218 gehiago. Hala, desenplegu-tasa %10,4koa da Hego Euskal Herrian, Europar Batasunean baino ia lau puntu eta erdi handiagoa, urrian %6koa izan baitzen.

Emakumeen artean ere desenpleguak behera egin du; hala ere, enplegu gabezian dauden emakumeen proportzioa %58,2an mantentzen da. Gazteen desenplegu datuei dagokionez, ikusten dugu desenpleguaren jaitsiera bat batean geratu zela udan, uztailetik ez da datu positiborik ikusi. Bestalde, Hego Euskal Herrian erregistratutako enplegu gabeziaren murrizketa zerbitzuen sektorean gertatu da.

Kontratazioaren datuek erakusten dute sinatutako kontratuen %75 aldi baterakoak izan direla, hau da, azaroan sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira HEHn. Bestalde, Lanbideren arabera, azaroan sinatutako kontratu mugagabeen erdia baino gutxiago (%49) bakarrik izan dira lanaldi osokoak EAEn, hau da, sinatutako kontratuen %12 bakarrik izan dira lanaldi osoko mugagabeak.

Halaber, adierazi behar da Espainiako Lan Ministerioak emandako zifrek egiaztatzen dutela desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiak baino gehiagok (% 54) ez zuela inolako langabezia-prestaziorik jaso urrian. Gainera, % 26k soilik jaso zuen kotizaziopeko prestazio bat.

Datuek erakusten dute, momentuz, bizi dugun krisia ez dela lan-merkatura trasladatzen ari. Hala ere, enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean, langile-klasearen egoera gero eta okerragoa da. Pobretze-prozesu bat gertatzen ari da, non Hego Euskal Herriko milaka pertsona egoera prekarioan dauden, asko soldata baxuekin eta laneko segurtasun faltarekin. Egoera horren aurrean, beharrezkoa da langile klasearen baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko antolatzea eta mobilizatzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.