2020-04-21 15:47
Arrasateko Iturbide egoitzan egoera benetan larria da. 21 adineko hil dira dagoeneko koronabirusak jota eta egoiliarren erdiek kutsatuta jarraitzen dute. Zentroko langileei dagokienez, 19 kutsatuta egon dira eta erdiak bajan. Iturbiden egindako testek, beranduegi iristeaz gain, ez dute arazoa konpontzen, eta, beraz, neurri eraginkorrak eskatzen dituzte: kontingentzia-planak; langileentzako prestakuntza egokia; baja medikoak kudeatzeko jarraipen-plan espezifiko bat egitea; eta, batez ere, "Erakundeei eta Osakidetzari premiazko laguntza ematea, ezinbestekoa baita".

Koronabirusak eragindako osasun-krisi betean, Arrasateko (Gipuzkoa) Iturbide egoitzako egoerak ez du hobera egin. Alarma-egoera hasi zenetik, norbera babesteko ekipoak ez dira guztiz nahikoak izan; sintomak dituzten langileei 10 egunera egin zaie testa, eta sintomarik ez duten pertsonek lanera joan behar izan dute, birusa zuten ala ez ziur jakin gabe, eta egoiliarrekin tratatu behar izan dute. Langileek egoeraren larritasunaren berri ematen dute. "Datu beldurgarri horien atzean senideen izen-abizenak, sufrimendua eta dolua dituzten pertsonak daude, baita une honetan jasaten ari garen presioa, antsietatea eta beldurrak ere".

Adierazi dutenez, hirugarren adinekoen egoitzetan gertatzen dena pandemiaren aurretik zegoen egiturazko arazo baten emaitza da, eta osasun-krisi betean agertu da: langile eta egoiliarrak zigortzen dituen prekaritatea. "Pandemia piztu aurretik egin dugun borrokarekin eta gure aldarrikapenekin beti bilatu dugu gure adinekoen bizitzak eta zainketen kalitatea erdigunean jartzea".

Hala ere, gaineratu dutenez, erakunde publikoek ezin dute langileen borondate ona aprobetxatuz, euren bizkar gainean utzi  kolektibo zaurgarri honen zaintza, erakundeen zeregina baita erresidentzietan zaintza duina eskaintzen dela bermatzea.

"Profesionaltasunak ez du esan nahi zortzi egunez jarraian lanera joan behar denik, edo murrizketak dituzten langileek dena bertan behera utzi behar dutenik lanera joateko, edo gure familien osasuna arriskuan jarri behar denik edo urte osoan pairatzen dugun prekarietatea jasan behar denik. Are gehiago, lan-baldintza duinak eskatu behar ditugu, profesionalak garelako. Eta ez, denak ez du balio ", laburbildu dute.

Hilabete baino gehiago da ELAk babes-neurri egokiak eta testak eskatu zituela langile guztientzat eta egoiliarrentzat, bai enpresetan, bai administrazio publikoetan. Erantzunik jaso ez duenez, sindikatuak salaketak jarri ditu egoera larria duten egoitzetan, oraindik ez dago babes neurri nahikorik eta ez dituzte testak egin. Era berean, Aita Menni Gizarte Zerbitzuek (azpikontratatutako enpresa) eta Aldundiak ezarritako gidak eta protokoloak zorrotz betetzea eskatu du.

"Jakin badakigu negoziazio kolektiboan hobekuntzak daudela langileen presioa izan delako, eta zoritxarrez pandemiaren hasieratik frogatu da presio hori gabe ere ez dagoela hobekuntzarik lan osasunean", esan dute langileek. Beraz, ELAk berretsi egin du bere esku dagoen guztia egingo duela egoitzen egoera hobetzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.