2018-07-17 14:16
Grebaren laugarren astean daude eta soluziorik ez dago euren lan auzian. Bilera asteak izan dira honakoak: Udalarekin bildu dira eta baita UTE CLECE ZAINTZEN enpresarekin. Langileak aspalditik eskatzen zuten bilera hau udalak arazoa errotik heldu zezan eta enpresak, proposamenak egin zitzan. Baina momentuz, ez da konponbidea heldu.

Honakoa adierazi dute langileek ohar batetan:

"Bilera horretan udalak hartutako jarrera irmoki salatu nahi dugu langileok. Enpresak aldi bateko gaixotasunak %75ean ordaintzeko prest zeudela argitu zuten, baina langileek behin eta berriz esan dugu etxez etxeko lan baldintzak ez direla horrekin konpontzen. Udala CLECE enpresa presionatu ordez, langileen ordezkariei konbentzitzen saiatu zen behin eta berriz negoziazioan mahai gainean dagoena sinatzeko, enpresaren aliatu bihurtuz. Langileekin biltzea ere erabaki du euren burua justifikatzeko asmotan.

Lehen ikusezinak sentitzen ginen, orain are eta gehiago sentitiarazi nahi gaitu bai Udalak, baita enpresak ere. Zaintza lanak hain beharrezkoak, hain funtsezkoak badira Arrasateko herriarentzat, uztailak 10eko Udal batzarrean adierazi zuten bezala, zergatik gaude langileok egoera honetan? Non daude Udalak hartutako konpromiso politikoak Martxoaren 8an emakume eta gizonezkoen arteko soldata arrakalari aurre egiteko?

Gure gatazkaren konponbidea hitzarmen batetan dago, etxez etxeko languntzako lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen batean, ez besterik – izan ordu publiko, izan ordu pribatuak – CLECEK ez du honetaz hitz egin nahi.

Eta berriz ere gogoratuko ditugu konponbidearen edukiak:


-Ordu publikoak eta pribatuak berdin ordaintzea. Lan berdina, soldata berdina.

-Gaixotasunak izateagatik penalizaziorik ez jasotzea. Gaixotasun arruntagatik soldataren %100a ordaintzea.

 
Udalak dio ezin duela ezer egin arlo pribatua arautzeko. Lizitazioaren prezioa igoko duela adierazi du, baina praktikan igoera hori ez da erreala, ordu pribatuak baitira gure ogibide. Argi daukagu hori prekarietatearen aldeko hautua egitea dela. Langileek ez dugu hautatu egoera honetan egotea, ez ordu pribatu gehiago edukitzea, ez da gure aukeraketa izan grebara iristea, ez da gure aukeraketa izan lan baldintza prekarioak izatea. Beraz, konponbidea ez dago gure esku."

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.