2021-09-15 08:19
Argindarraren sektorearen egoera salatzeko irailaren 16an egingo diren mobilizazioekin bat egiten du sindikatuak: Iberdrolaren aurrean izango da, Bilbon

Azken asteetan argindarraren prezioak markatu dituen errekorrak eragin sozial handia du, bereziki sarrera urrienak dituztenak kaltetuz. Neurrigabeko prezioak energia enpresa handiak ezartzen dituzte, azken 25 urteetan estatuko gobernuek eman dieten botereari esker. Guztiz liberalizatu eta pribatizatu zuten sektorea, eta enpresa elektriko handien interesen neurrira joan dira sistema egokitzen. Horregatik, onartezina deritzogu politikariak egoerarekin kexu azaltzea orain eta enpresa elektrikoei leporatzea gertatzen ari dena, aurretik nahi zuten guztia eman baitiete.

Egoera horren aurrean, Espainiako gobernuak iragarri dituen neurriek ez dituzte enpresen irabaziak ukituko, argindarraren fakturan eragiten duten zergen beherakada bakarrik proposatu baitute. Neurri horiek guztiz bidegabeak dira, diru bilketa jaisteak murrizketak ekarriko baititu beste arlo batzuetan.

Argindarraren prezioa finkatzeko sistema erabat injustua dela salatzen dugu, soilik oligopolio elektrikoaren etekinak puzteko logikaren baitan uler daiteke, eta espainiar gobernuak ez du benetan hartu beharreko neurririk hartu nahi. Gertaera guzti horien aurrean ELAk zera exijitzen du:

  • Energia sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta sozialaren pean jarriz.
  • Energiarako eskubidea aitortzea oinarrizko eskubide unibertsal gisa.
  • Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea, sortzen den energia guztia ez dadin ordaindu iturririk garestienaren prezioaren arabera.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea.
  • %21eko BEZa behin betiko jaistea, oinarrizko behar baten mailara.

Energia merkatu logika guztietatik kanpo geratzea, eskuragarria izatea eta berriztagarrietan oinarritutako sistema garatzea da gure borroka. Pairatzen ari garen krisi sozialaren aurrean mobilizazioa ezinbestekoa izango da, eta ELA kalean egongo da oinarrizko eskubide hau defendatzen. Horregatik, bat egin du bihar, irailaren 16an, Bilbon egingo den deialdiarekin: Iberdrolaren dorrearen aurrean, Euskadi Plazan, kontzentrazioa egingo da gizarte eragileek deituta, eta bertan izango dira sindikatuko ordezkariak.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.