2023-03-22 10:59
25 urtez iruzurrezko aldi baterako kontratuekin bete diren egiturazko lanpostuak, orain LEPra atera dira Iceta Legearen ondorioz, eta Osakidetza lan baldintzak eta asistentziaren kalitatea okertzeko baliatzen ari da.

Osakidetza Arabako landa eremuko lanpostuak aldi baterako kontratazioen bidez (horietako asko partzialak eta asteburukoak) betetzen aritu da 25 urtez. Kontratazio hauek iruzurrean egindakoak izan dira, aldi baterako kontratuekin betetzen baitira Osakidetzak LEP batean eskaini nahi izan ez dituen egiturazko lanpostuak. Orain, Osakidetza eta Arabako ESIa aldi baterako kontratuen tasa %48tik %8ra jaistera behartzen ditu Iceta Legeak, eta, beraz, lanpostu horiek LEPera atera dira.

Osakidetzak LEP hori baliatu nahi du langileen lan baldintzak okertzeko. Lan talde horiek 25 urte baino gehiago daramatzate landa eremuan aldi baterako kontratuen bidez zerbitzua ematen. Besteak beste, Zuzendaritzak lan egutegiak eta karteldegiak bere kabuz egitea, bajak eta bestelako hutsegiteak ez ordezkatzea edo fakultatiboen lanpostuak ez betetzea ezarri nahi ditu.

Aldaketa horiek asistentzia kalitatearen okertze larria dakarte. Gogoratu behar da paziente bakoitzak medikuntzako eta erizaintzako profesional bat duela esleituta (hori da lehen mailako arretaren funtsezko muina), eta Osakidetzaren planteamenduak pazienteen eta erreferentziazko sanitarioen arteko lotura kentzea ekarriko luke, bai medikuntzan, bai erizaintzan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.