2019-01-02 10:54
Berrriki Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako langileek garaipen sindikal handia lortu dute. Landeiaren azken aleak gai honen inguruko erreportaje zabala jasotzen du.

Greban 47 egun eman ondoren, %48rainoko soldata-igoerak, ratio hobeak, kontratazioa eta lan-egutegiak lortu dituzte, eta Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena progresiboki aplikatzea

Pozez gainezka daude Joseba San Miguel eta Isa García, Bilboko ELA Zerbitzuak-en arduradunak. Berrogeita zazpi egunez egon dira langileak greban, kalean, negoziatzen, ordena-indarrekin eztabaidatzen… Baina, azkenik, lortu dute beren helburua Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako gelak garbitzen dituzten Constant azpikontratako gela-zerbitzariek: amaitu da azken urteotan jasaten zuten esplotazio-egoera. Izan ere, 2,5 euro kobratzen zuten gela bakoitzeko; lanaldiak, berriz, amaiezinak ziren; ratioak, jasanezinak (gela asko garbitu behar denbora oso laburrean); kontratuak, lege-iruzurrekoak; soldatak (kasurik onenetan), 800 bat eurokoak, aparteko ordainsariak barne zirela… Hemendik aurrera, ordea, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenaren arabera jardungo dira, progresiboki. Amaitu da esklabo-lana luxuzko hoteletan.

-Zein dira hitzarmenaren lorpen nagusiak?

-Desberdinak ziren bi hotel horietako gelak garbitzen zituzten Constanteko langileen lan-baldintzak; beraz, helburuak eta hitzarmenak ere desberdinak izan dira. NHn, lortuak genituen lehendik subrogazio-eskubidea, kontratu mugagabea eta ratio hobeak. 2019ko urtarriletik aurrera, berriz, 13.200 eurotik 17.500 eurora igoko da urteko soldata (% 33ko igoera); 2020an, berriz, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenaren artikulu guztiak aplikatuko zaizkie langileei, hots, % 48ko igoera izango dute. Lan-egutegi pertsonalizatu bat ere negoziatu dute, hiru hilerokoa: sarrera- eta irteera-ordutegiak, atsedenaldiak eta oporrak. Oso lagungarria izango zaie lan-jarduera eta bizimodu pertsonala arautzeko. Bestalde, konpromiso hau ere bereganatu du NH hotelak: hemendik aurrera, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena aplikatuko diete bere azpikontratek euren langileei. Oso ona da hitzarmena.

Barceló hoteleko Constanteko langileek, berriz, beste lan-kondizio batzuk zituzten, okerragoak: lanaldi partzialean ari zen jende asko, eta oso hedatua zegoen lege-iruzurreko kontratazioa. Lortu dugu kontratu mugagabea egitea lege-iruzurreko kontratupean zeudenei eta kontratua laster amaituko zaienei, eta lan-poltsa bat sortzea azken hilabeteotan lan egiten dutenekin. Halaber, hiru hileroko egutegia egingo da, eta lehentasuna emango zaie lanaldi partzialean dihardutenei lanaldi osoko kontratuetarako. Beste konpromiso hau ere lortu dugu: ez dutela inor kaleratuko urtebetean, gutxienez. Soldatari dagokienez, 16.200 eurokoa izango da 2018ko abenduan, 17.500ekoa 2019ko urtarrilaren 1ean eta 18.500ekoa 2020 urtarrilaren 1ean; 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenaren artikulu guztiak aplikatuko zaizkie.

-Nolatan iritsi zineten grebara?

-Duela urte eta erdi NHn martxan jarri genuen prozesuaren emaitza logikoa izan da greba. Sasoi hartan, Constant taldearen estatu mailako hitzarmeneko soldatak ordaintzen zitzaizkien gela-zerbitzariei (10.000 euro gordin urtean). Greba deitu, eta hau lortu genuen: 13.200 euroraino igotzea soldatak, ratioak jaistea, langileen subrogazioa eta kontratu mugagabeak.

Bizkaiko ostalaritzako hitzarmena argitaratu zenetik (2018ko iraila), garbi ikusi genuen hitzarmen hori aplikatzea lortu behar genuela, eta horretara bideratu genuen jarduera sindikala. Duela lau urte egin zituzten hauteskunde sindikalak Constanten; NHn bazegoen jarduera sindikalik, baina Barcelón zailagoa egin zitzaigun lana.

Halako batean, informazio-orri bat banatu genuen, bi enpresetan zer lan egin nahi genuen eta zer lan-baldintza aldarrikatzen genituen azaltzeko. Hura izan zen inflexio-puntua.

Harrezkero, 50 bat lagun etorri ziren ELAra, eta greba deitzeko aukera aztertzen hasi ginen, Contanten zuzendaritzak ez baitzuen negoziatu nahi, horretarako eskari ugari egin genuen arren.

-Azaroaren 2an deitu genuen greba, Bilbon MTV sariak banatu behar ziren unean hain zuzen ere, eta argi askoa izan zen patronalaren erantzuna: Constantek uko egin zion negoziatzeari, eta grebalarien ordez beste langile batzuk kontratatu zituen.

-Gatazkari konponbidea bilatzen saiatu beharrean, Cor Outsourcing enpresari jendea kontratatzen hasi zen, irregularki gainera, grebalariak ordezkatzeko. Lan Zuzendaritzari eta Lan Ikuskaritzari jakinarazi genien eskirolak ari zela erabiltzen enpresa. Halaber, salaketa bat aurkeztu zuen ELAk, oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Handik hogei egunera, arrazoia eman zigun Lan Ikuskaritzak, eta zehapen-espedientea zabaldu zien enpresei. Demandaren ostean, negoziatzeari ekin genion, bai azpikontratarekin, bai enpresa nagusiekin (aipatutako bi hotel-kateak).

-Ez zen greba erraza izan.

-Egia esan, ez dago greba errazik. Baina Constanteko zuzendaritzaren jokoa oso zikina izan da, eta langileen ahuleziaz eta eskubideen gaineko ezjakintasunaz aprobetxatu da. Gogora dezagun immigranteak direla langile gehienak. Horrez gain, merke azpikontratatzen eta legedia aise urratzen duten bi hotel-katerekin egin behar izan dugu borroka, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin ere, grebalarion eskubideak babestu beharrean greba ordena publikoko arazo bihurtu baitu.

Luzea izan da greba, baina ez ELAk hala nahi izan duelako, baizik eta patronalaren fede txarragatik eta utzikeriagatik. Bestalde, funtsezko tresna izan da erresistentzia-kutxa gatazka honetan ere -kutxarik gabe, ezinezkoa zatekeen greba. Grebarik gabe, berriz, ezinezkoa zatekeen lan-kondizio penagarrietan ziharduten langile horien bizimodua hobetzea, immigranteak baitziren gehienak. Langileen borrokarako gogoari esker lortu da garaipena, baina ELAren ekarpena ere garrantzitsua izan da, bere antolakuntza-gaitasuna eta baliabideak grebalarien zerbitzura jarri ditu eta.

-Zer erronka ditugun epe laburrera?

-Hitzartutakoa betearaztea. Baikor begiratzen diogu geroari, Constanteko langileen jarrera ez baita greba aurretik bezalakoa: indartu egin dira, ahaldundu; badakite borroka dela bidea, eta gure sindikatua bidaide dutela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.