2018-08-06 10:19
Europako Kontuen Epaitegiak azpimarratu du AHT interes politikoengatik eraikitzen ari dela, 25 milioi euro kilometroko kostuarekin

Nafarroan Prestazio Handiko Tren bezala izendatu dutena errentagarritasun ekonomiko eta sozialik ez duen zentzugabekeria da, eta ingurumen ikuspuntutik astakeria. ELAk urteak daramatza hau salatzen eta Europako Kontuen Epaitegiak baieztatu egin du. Argitaratu berri duen txostenaren ondorio nagusiak hauek dira:

  • Gaizki konektatutako trenbide sare nazionalen mosaiko bat eraiki da.
  • Abiadura handiko lineak eraikitzeko erabakia politikoa da sarritan, eta ia inoiz ez da kostu-onura analisirik egiten erabakiek oinarri errentagarri bat izan dezaten.
  • Abiadura handiko trenbide azpiegitura garestia da: auditatutako lineen kostua 25 milioi euro kilometrokoa da.
  • Ditugun trenbide arrunten lineen modernizazioa kontuan hartzeak milioika euro aurreztuko lituzke.
  • Gainkostuak eta atzerapenak ohiko egoerak izan dira, eta ez salbuespenak.
  • Auditatutako linea eta mugaz-gaindiko lotura gehienek ez zuten nahikoa bidaiari potentzial bere influentzia zonaldean (9 milioi bidaiari behar dira linea bat errentagarri izateko).

Ikusten den bezala, abiadura handiko trenari osoko zuzenketa bat da, guztiz ezbaian jartzen da. Baina Nafarroako Gobernuak tren hau merkantzia eta bidaiarien ibilbide luzeetarako erabiliko da, tokiko eta eskualdeko ibilaldiak errepideei utziz eta trafikoa gutxituz. Trenbide honek Europako hiriekin eta espainiar Estatuko lurraldearekin lotuko omen du Nafarroa, eta lurraldea bera ere egituratuko omen du. AHT eredu jasangarri bat dela esaten ere ausartu dira. Argudio hauek ez dira berriak tamaina honetako azpiegiturak justifikatzerako orduan, baina gezurra izaten jarraitzen dute:

Beste garraiobideen aurrean alternatiba bezala saldu nahi duten arren, ibilbide hau egiten dutenen artean gutxi batzuek erabiliko duten azpiegitura izango da, eta garestia gainera.

Trenbide sare honek ez du merkantzien garraiorako balio, ez dago munduan merkantziak garraiatzen dituen AHTrik, beraz errepidez garraiatzen jarraituko dute.

Iruñako geltokia da ziurra den bakarra. Burbuila inmobiliarioaren eredura bueltatu nahi da Iruñeko geltokia Etxabakoitzera lekuz aldatuz eta inguruan milaka etxebizitza eraikiz. Dagoeneko demostratu da eredu hau hondamendi bat dela. Gainera Tafallako geltokia desagertuko da eskualde oso bati aldiriko zerbitzurik gabe utziz. Onartezina.

Errepideetan egiten diren desplazamendu ohikoenak herrialde barruko bidaiak direla kontuan izanik, ez du errepideko trafikorik gutxituko.

Europako beste herriekin izango duen lotura ere oraindik ikusteko dago.

AHTren iraunkortasuna saldu nahi dute, baina argi dago ez dela jasangarria ez ekonomikoki, ez sozialki ez eta ingurumen ikuspegitik. EHUko Ekopol taldeak egin duen txostenak konfirmatu du horrela dela Euskal Yaren kasuan, eta txosten bera Nafarroara ere aplikatu daiteke.

ELAk berriro ere exijitzen du AHTren lanak gelditzea eta benetako alternatiba baten aldeko apustua egitea: tren soziala. Hiritarren benetako beharrei erantzungo dien trenbide sare jasangarria; garraio sistema orokorrean integratuko den trena, lurralde eredu iraunkor bat ahalbideratzen duena. Nafarroa benetan egituratuko duena, zonalde marjinalik utzi gabe. Hau lortzeko beharrezkoa da:

Gaur egungo sarea hobetu behar da, bide berriak eraikitzea edo dagoena zabaltzea, ezinbestekoa denean bakarrik eginez.

Tren azkarragoentzat egokituko behar da. Hau izango da garraio mistoarentzat (bidaiariak eta merkantziak) benetako alternatiba. Sare honek Europarekin lotzeko ahalmena izango du, bai bidaiari, bai merkantzientzat.

Tren sozialak ingurumenean egiten diren kalteak minimizatzen ditu eta gainera energia aurrezten du. Jende gehiagoren zerbitzura egongo da eta egingo diren inbertsioak emango duen zerbitzua besteko kostea izango du (bai ekonomikoa, bai ingurumenekoa, baita energetikoa ere).

Hau gutxi ez balitz, AHTk baino lanpostu gehiago sortuko ditu. Guzti hau gastu soziala murriztu gabe egin daiteke.

Hiritarren iritzia kontuan izango duen trenbide sarea izango da, erabakietan gizartearen adostasuna bilatuko duena.

Arrazoi hauengatik, ELAk proiektua bertan behera uztea exijitzen du, ez duelako lurralde eta gizarte eredu jasangarri bat defendatzen. Benetako gizarte eztabaida bat irekitzea eskatzen dugu, benetan herriak nahi duen garraio politikarantz egiteko eta lurralde eta gizarte eredu justuago bat izan dezagun.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.