ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 13a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-11-25 17:55
'Aktibismoa despatriarkalizatuz'. Hori izan da aurten Azaroak 25 dela-eta, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, ELAk jorratu duen gaia. Horretarako formazio jardunaldia antolatu du Donostian. Bertan, Jone Bengoetxea, ELAk berdintasun arduraduna, eta Tania Martínez Portugal ikerlaria aritu dira. Bestalde, ELAk bat egiten du egun osoan zehar mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin.

Barrura begirako hausnarketa kolektiboa egin nahi izan du ELAk Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Horretarako ezkerreko mugimendu sozial eraldatzaileetan (ere) ematen diren indarkeria matxista kasuak aztertu nahi izan ditu goizean Donostian egindako formazio jardunaldian. Ez da erraza izaten norberak bere buruari azterketa egitea, are eta gutxiago gisa honetako gaiekin. Baina behar-beharrezkoa da. Ezinbestekoa.

Ildo horri ekin dio Jone Bengoetxeak.“ELA eraikuntza feminista prozesu batean murgilduta dago. 2017ko Kongresuan, esaterako, ‘Sindikalismo ez patriarkal baten alde, indarkeria sexistari ez’ ebazpena adostu zen aho batez. Bertan indarkeria matxistaren aurrean konpromiso ezberdinak hartu genituen. Konpromiso hauetaz gain, ELA genero ekitaterako antolakuntza aldaketa prozesuan murgilduta dago, eta hau izango da gure ipar-orratza gure barne kultura patriarkala iraultzeko”.

Tania Mart?nez Portugal Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako ikerlaria da, ‘Euskal Herriko indarkeria sexistari buruzko imajinarioak eraldatuz. Emakume ekintzaileen narratibak’ tesiaren egilea. Tesian, besteak beste, ezkerreko erakunde eta mugimendu iraultzaileetan ematen den indarkeria sexista aztertu du.

“Aktibismoa oinarri duten mugimenduetan erraz identifikatzen da ‘muturreko’ indarkeria bezala definitzen dena. Erraz onartzen da indarkeria sexista egon badagoela, baina arazoa ez da hori. Arazo da askotan kosta egiten dela ikusezinagoak izan daitezkeen indarkeria mota batzuk antzematen, eta, gainera, maiz ez dira onartzen bertan ere gertatzen direla”.

Hitzaldian zehar Tania Mart?nez Portugal indarkeria sexista zeri deitzen diogun azaltzen saiatu da. “Indarkeria batzuk ikusteko errazagoak dira, beste batzuk ez. Jendartearen gehiengoak ontzat ematen du sistema hetereo-patriarkaletik behin eta berriz luzatzen diren ideiak: erasoak ekintza puntualak direla; erasotzaileak oso pertsona konkretuak direla; erasotzaileak arazo mentalekin lotzen dira… Diskurtso honek erasotzailea biktima bezala aurkezten du, baina feminismotik justu kontrakoa azaltzen duen definizioa bat hartu beharko litzateke. Erasotzailea ez da irudikatu behar arazo mentalak dituen pertsona bat bezala. Indarkeria gizartearen egitura ezberdinetan birproduzitzen den arazo bat da, eta tresna bat ere, helburu batzuk dituena: egungo sistema eta gizonezkoen boterea mantentzea. Eta hau etengabe gertatzen da”.

Indarkeria ez da gauza natural bat, sistema baten baitan kokatu behar da, botere harremanen ondorioz sortzen da. Beraz, izaera politikoa du, produktu kultural bat da. “Askotan indarkeria espresio ezberdinen hierarkia bat egiten da. Indarkeria honen muturrean indarkeria fisikoa legoke. Baina hierarkia hau egitea akats larria da. Indarkeriaren puntu ‘goren’ horretara heltzeko bide guztia errazten duten beste mila indarkeria daude, eta jendeak askotan ez dio horri erreparatzen. Eta ezkerreko mugimenduek indarkeria mota horiek askotan ez dituzte asumitzen. Are eta gehiago, asimilatu egiten dira. Adibidez: agerraldi publikoak zein ordutan izaten dira? Batez ere goizetan, hau da, nagusiki liberatuak joan ahal diren ordua. Eta, hor, gehienak gizonak dira. Edo, bilerak. Zeinek hartzen du hitza? Nork darama agenda? Hau da, ezkerreko erakundeen agendan aldarrikapen feministak agendatik kanpo uzten dira. Borrokak hierarkizatu egiten dira, eta zazpi puntu badaude lantzeko indarkeria matxista agendaren azken puntua bihurtzen da. Hori ere indarkeria da”.

Diskurtsoaren garrantzia

Tania Martinez Portugalek diskurtso feminista propio eta indartsu bat izatearen garrantzia azpimarratu du. Eta, helburu horren egikaritzan, arazo bat ikusten du: politikoki zuzena den diskurtsoaren apropiazioa. “Azken urteetan ulertu da feminismoak indar handia duela, eta zaila da aitortzea ez zarela feminista. Beraz, diskurtso feministaren nolabaiteko apropiazioa gertatzen ari da. Eta hau arriskutsua da. Oportunismo politikoa nabarmena da gaur egun, eta ezkerrak ere, zenbait tokitan, erosi egin du diskurtso feminista hori etekinak lortzeko”.

“Ezkerrean ere diskurtso patriarkalaren gauza asko egon badaude. Adibidez, ohikoa da muturreko indarkeria bakarrik identifikatzea indarkeria bezala. Espazio hauetan oso erraz identifikatzen da indarkeria fisikoa, nor izan daitekeen maltratatzaile bat. Baina, bestaldean, espazio hauetan kosta egiten da jarrera patriarkal ‘txikiagoak’ identifikatzea. Hau askotan gertatzen da publikoa/pribatua dikotomian. Fisikoak ez diren indarkeria kasuak gertatzen direnean askotan ezkerreko espazio horietan arazoa pertsonalizatu egiten da, gertutakoa ‘zure arazoa’ balitz bezala, kolektiboa aparte utziaz”.

Gu eta besteak; autokritika eza

Egon daitezkeen arazoak konpontzeko eta aurrera egiteko autokritika behar beharrezkoa da. Baita ere, noski, indarkeria matxistaz mintzo garenean. Baina sarri askotan aktibismoan autokritika ezkutatu egiten dela salatu du hitzaldian zehar. “Gu eta besteak dikotomia oso ohikoa da ezkerreko mugimenduetan. Autokritika ez da egoten, eta ‘gu’ ondo ari garenaren sentsazioa luzatu nahi da, irudikatuz ‘besteak’ direla gaizki ari direnak, indarkeria mota horiek sortzen dituztenak”.

Arlo honetan, mitoek eta estereotipoek garrantzia handia duela nabarmendu du. “Gizon bat ezkertiarra bada, edo gizon horrek bere burua ezkertiartzat badu, oso zaila izaten da pertsona hori gero kolektibo batean erasotzailea izan daitekeela onartzea, zu zeu erasotzailea izan zaitezkeela. Eta, horrek, zehar-kalteak ditu erasotuarentzat, askoz gehiago kostatuko zaiolako gertatutako definitzea eta izen-abizenak jartzea. Noski, politikoki zuzenak diren erasotzaileak ere egon badaude, pertsona militanteak, diskurtso progresistakoak, lidergotza adierazten dutenak… Baina erakundeetan pertsona horiek lider zuzen gisan hartzen dira, oso zaila izaten da erasotzaile gisan identifikatzea. Gainera biktimak estereotipatzeko joera dago, eta hori arriskutsua da. Badirudi emakume indartsu, politizatu eta feminista batek ezin duela jasan indarkeria kasu bat, baina ez, edonor izan daiteke indarkeriaren biktima”.

Egungo sistema mantentzea helburu

Zein da indarkeria matxistaren helburua? Tania Martinez Portugalek argi du erantzuna. “Helburua egungo sistema hetereopatriarkala mantentzea da, gizonek duten nagusitasuna. Eta horretarako hainbat mekanismo erabiltzen dira, ezkerreko mugimenduetan ere ematen direnak: desboteretzea kontrol mekanismo gisa; isiltasuna, hau da, indarkeria kasu bat dagoenean erakundea isilik egotea edo ez bustitzea, gai pertsona balitz bezala; lengoaia edo erabiltzen den hizkuntza; boikota, xantaia edo jazarpena; norberaren ibilbide politikoa baliatzea bestearen gainetik egoteko; gizonek emakumeek baina askoz gehiago dakitenaren ustearen zabalkundea...”

“Erakunde hauetan erresistentziak egon ohi dira askotan arazo honi aurre egiteko. Adibidez, nekez onartzen da modu formalean organizazio hauetan ere indarkeria sexista egon badagoela. Are eta gehiago, aitortzen denean ere uko egiten zaio egoera iraultzeko oztopoak jartzeari. Hau da, beldurra sorrarazten du ezkerreko erakunde militanteetan bere baitan indarkeria sexista dagoela onartzeak. Aurpegia zuritzeko joera ere egon badago. Aditzera ematen da arazoa gaindituta dagoela hitzaldiak edo formazioa antolatzen delako, esaterako. Azken finean, feminismoa deslegitimatzeko joera ere egon daiteke sarri”.

Erantzun politikoa behar da

Indarkeria matxista azalarazi den kasuetan ere hori argitzeko oztopoak jarri izan direla aipatu du Tania Martinez Portugalek. “Emakumeari leporatu izan zaio ere bere arazo pertsonal batengatik kolektiboren batasuna apurtu dezakeela. Erakunde bakoitzak bere buruari galdetu beharko lioke ea indarkeria sexistari indarkeria politikoaren status quo bera aitortzen dion ala ez. Egoera irauli nahi bada argi dago erantzun politikoa behar dela: aitortza, zapaltzaile eta zapalduaz hitz eginez; erasotuari hitza ematea; eta ondorio kolektiboak ateratzea, ez ondorio pertsonalak”.

?

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.