2020-11-25 16:03
Gaur, Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Nazioarteko egunean, ELAk gogora ekarri du COVID-19k lehendik ere emakume askok sektore feminizatu eta prekarizatuetan pairatzen zuten indarkeria instituzionala. Sindikatuak antolatutako solasaldian, ELAko berdintasun alorreko Jone Bengoetxea eta Nahia Fernández izan dira, Argitan, Emakumearen Aholku Zentroko kide Mireia Saizekin batera.

Gaur, Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Nazioarteko egunean, ELAk gogora ekarri du COVID-19k sortutako krisiak lehendik ere prekarizatutako eta feminizatutako sektoreetan emakume askok erakunde publikoen aldetik pairatzen zuten indarkeria utzi duela agerian. (Ikusi hemen solasaldia)

Jone Bengoetxeak azaldu bezala, lan munduan ere bada indarkeria matxista, zehazki biolentzia instituzionala, pandemiak azaleratu duen bezala, nahiz eta indarkeria sotilagoa eta atzematen zailagoa izan.

Gogorarazi duenez, lanaren banaketa sexuala indartu egin da COVID19 garaian eta sektore prekarizatu eta feminizatutako emakumeak izan dira kaltetuenak. Izan ere, pandemiaren lehen olatuan langile asko (osasungintzakoak, zahar-etxeetakoak, etxez-etxekoak, etxeko eta zaintza-langileak, garbitzaileak...) oinarrizko zerbitzuetako langile izendatu zituzten, dekretuz. Langileak lantokietara joan ziren orduan, euren bizitzak ere arriskuan jarriz.

Orain, ordea, ezinbestekotzat jo ziren emakumeak berriz ere ikusezin izatera bueltatu direla salatu du Bengoetxeak. “Hartatik ez da ezer geratu, ezta txaloak ere, murrizketak eta kaleratzeak besterik ez”, kexu da.

Bat dator Mireia Saiz, Argitaneko kidea. “Pandemia garaian indarkeria, prekaritatea eta pobrezia handitu dira eta horrek lehendik ere baliabide falta zeukaten emakumeak kolpatu ditu batez ere”. Horrek oso ondorio latzak ekarri dituela gogorarazi du: pobrezia, bazterketa soziala, prekaritatea eta indarkeria matxistatik alde egiteko ezintasuna.

Datuak ditu lagun. Konfinamenduaren lehen hiru asteetan, Argitanek jaso zituen deiak %140 igo ziren aurreko urteko epe berarekin alderatuta, hau da, bikoitza baino gehiago. Ia deia guztiak berrogeialdiagatik indarkeria matxista eta arazo ekonomikoak pairatzen ari ziren emakumeenak izan ziren.

Konfinamenduaren lehen zazpi asteetan indarkeria matxista sufritzen ari ziren emakumeen deiak 2019ko lehen bost asteetako beste izan ziren. Beste modu batera esanda, hilabete eta erdian, 30 kasu atzeman ziren.

Larritasunaren aurrean, erakunde publikoek beste alde batera begiratu izana salatu dute. Saizek gogorarazi duenez, alarma egoeraren dekretuak indarkeria matxistaren biktimei atenditzeko zerbitzua oinarrizko zerbitzua zela ezarri bazuen ere, praktikan baliabide gehiago eskaini ordez, murrizketak egin zituzten zerbitzuan.

Badu adibiderik. Argitanek jasotzen dituen deiak eta abisuak erakunde publikoetako zerbitzuetara bideratu beharrean, (zerbitzu juridiko publikoetara, arreta psikologikora, harrera etxeetara, 24 orduko epaitegietara...), erakunde publikoek eurek deribatu izan dituzte biktimen deiak Argitan-era, hau da, instituzio publikoek proiektu militante baten gainean utzi dute pandemia betean indarkeria matxistaren biktimak atenditzeko erantzukizuna, baliabide publikoak eskaini beharrean. Hala, 016ko deiak edo Osakidetzak jasotako deiak Argitanera bideratu izan dituzte.

Bat dator Bengoetxea, lan munduan ere erakunde publikoen utzikeria eta indarkeria pairatzen dutela argudiatuta. Bere ustez, gutxienezko justizia sozial eta feminista exijitzeko unea heldu da, langileek erreparazio emozionala merezi dutela argudiatuta.

Egoera ez da batere erraza. Argitanek luzatutako datuen arabera, EAEn batez beste, 11 urte eta 7 hilabete behar izaten dituzte indarkeria matxistaren biktimek laguntza eskatzeko (Iturria: Estudio sobre el tiempo que tardan las mujeres víctimas de violencia de genero en verbalizar su situación del- Ministerio de Igualdad). “Errealitatea zifra horiek baino gordinagoa da, emakume asko ez direlako estatistiketan sartzen”, gaineratu du.

Horren aurrean, zer egin dezake ELAk? Bada galdera horri erantzuten saiatu Nahia Fernández ELAko genero ataleko kidea. Azaldu duenez, negoziazio kolektibo feministari ekiteko unea da, hau da, emakumeen behar praktiko eta interes estrategikok negoziazio kolektiboaren muinera ekartzeko garaia. “Emakumeon lan-baldintzak eta bizi-baldintzak hobetzea indarkeria matxistaren aurkako defentsa-mekanismo argia da”.

Eta ELA, hitzez haratago, horretan ari dela dio irmo. “Ari gara, berdintasun plan hutsalak sinatzen ez ditugunean, ari gara, sexu jazarpenaren gaia mahai gainean jartzen dugunean, edota sektore feminizatuetan lan baldintzak duintzeko prozesu eta gatazkak abiatzen ditugunean”. Horren adibide da azaroaren 17an sindikatuak deitutako zaintza esparruko greba.

Bide horretan, sindikalismoa emakumeentzako boteretze tresna izan daitekela sinetsita dago, behar indibidualak eta interes kolektiboak artikulatuz, jendartearen zein bizitza pertsonalaren eraldaketa eragiten dutelako. 

 

Azkenik, EHko mugimendu feministak deitutako manifestazioetan parte hartzera deitu dute.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.