2020-02-24 11:24
Eh Bildurekin egindako akordioak (gastua% 0,4 igo du) ez du Chiviteko Gobernuaren proposamenaren orientazio antisoziala aldatzen. 2020ko Nafarroako Aurrekontua da PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk osatutako gobernu berriak aurkezten duen lehena, eta kasu honetan jatorrizko proposamenari, besteak beste, EH Bildurekin hitzartutako zuzenketak gehitzen dizkio. Politika murriztailea (austeritate izenez ezagutzen dena) da Nafarroako Gobernuaren aukera, eta hori sostengatzen duten indar politiko nagusiak dira bai Madrildik bai Nafarroatik gastu arauaren alde egiten dutenak, eta aurrekontu politikari mugak jartzen dizkiotenak.

Aurrekontu hori Nafarroako aurreko gobernuak 2018an Espainiako Gobernuarekin (Rajoyk gobernatuta) egindako akordioak baldintzatzen du. Akordio horretan defizit publikoaren eta zor publikoaren mugak eta 2018-2020 aldirako gastu-araua ezarri ziren (besteak beste, aurrekontua %2,7 handitzea eragozten du 2019koaren aldean). Horixe da gastu araua: gainetik lortzen diren diru sarrerak zor publikoa amortizatzera bideratuko dira osorik, hau da, bankuei ordaintzera). Adibidez, zor publikoa eta bidesaria itzalean batuz gero, 2020an 454,4 milioi euro gastatuko dira, aurrekontuaren %9,9. Beste modu batera ikusita, egunean 1,24 milioi euro gastatuko dira zor publikoaren ordainketan, eta bidesaria itzalean.

Dakigunez, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten indar politikoek (PSN, Geroa Bai, Podemos) ez dute nahikoa ordezkaritza aurrekontua onartzeko. Hala, Nafarroako Gobernuak hainbat zuzenketa adostu ditu EH Bildurekin, indar horrek aurrekontu osoari emandako babesaren truke. Akordio horrek 16,7 milioi euro (% 0,4) handitu du gastua. Bistakoa da hain zifra txikia izateak ezin duela inolaz ere sozial bihurtu Gobernuaren aurrekontua.

Aurrekontuaren gehikuntzaren banaketari dagokionez (16,7 milioi euro), alde batetik hitzartu da 5 milioi euro izendapen askeko Tokiko Azpiegituren Planera bideratuko direla. Bestalde, gainerakoa, 11,7 milioi euro, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek eta EH Bilduk bultzatutako zuzenketa partzialak finantzatzeko izango dira.

Larriena, ordea, sinatzaileek itxaropen faltsuak sortu dituztela da, akordioak greba orokorraren aldarrikapenak asetzen dituela ziurtatuz. Hasteko, greba hasi baino sei egun lehenago sinatu zen, eta bi aldarrikapen nagusi aipatzen ditu: pentsioak 1.080 eurora arte osatzea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata. Bi erreferentzia horiek ez dute inolaz ere konprometitzen Nafarroako Gobernua, bi kasuetan adostutako gauza bakarra azterketa bana egitea baita. Gutxieneko soldataren kasuan, adibidez, sinatzaileek konpromisoa har zezaketen Nafarroako Gobernuaren azpikontratetan lan egiten duten pertsona guztiek 1.200 euroko gutxieneko soldata kobratzeko, horretarako eskumenak badituzte eta. Baina ez dute egin.

Laburbilduz, ezkerraren zeregina ezin da aurrekontu antisozial batzuk makillatzera mugatu, aurrekontuak ez baitira onak izatera pasatzen nork sinatzen dituen kontuan hartuta; aitzitik, aurrekontu batzuei on egiten diena bere edukia da.

Ikusi dokumentua

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.