2021-01-05 12:09
Hego Euskal Herrian langabezia %15,3 hazi da 2020an, eta langabeen %55 emakumeak dira. ELAk azpimarratu duenez, COVID-19k pandemiaren aurretik ere bazen krisi ekonomiko eta soziala okertu besterik ez du egin.

ELAk kezkagarritzat jo du langabezia %42,5 igo izana 2020an 25 urtetik beherako pertsonen artean, edo beste modu batera esanda, azken urtean langabezian izena eman duten bost pertsonatik bat adin tarte horretakoa izatea. Espainiako Estatistika Institutuak luzatutako datuen arabera langabeziak bereziki kolpatu ditu emakumeak: langabe guztien %55,1 dira, enplegua duen biztanleriaren erdia baino gutxiago izanik (%47,8). Nabarmentzekoa da ere 2020an langabeziak izandako igoeraren zatirik handiena zerbitzuen sektoretik datorrela. 2020an SEPEn izena eman duten 10 pertsonatik ia zazpi sektore horretakoak dira.

Azken hilabetean 2.086 pertsona gutxiago daude langabezian, guztira 169.877 pertsona izanik SEPEn izena emanda. Urtetik urterako datuei erreparatuta, 2019ko abenduarekin alderatuta, langabezia %15,3 hazi da, 22.517 pertsona gehiago.

Kontratuei dagokienez, 2020an iaz baino %28,3 kontratu gutxiago sinatu dira, baina behin-behinekotasuna mantendu egin da, sinatutako kontratuen %92,2 aldi baterakoak izan baitira.

ELAk argi dauka COVID-19k pandemiaren aurretik ere bazen krisi ekonomiko eta soziala okertu besterik ez duela egin. “Lan-baldintzen eta aberastasunaren bidezko banaketaren alde borrokatuz defendatzen da enplegua”, dio sindikatuak.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.