2020-01-23 11:38
Administrazio publikoek emandako azken datu ofizialek adierazten dute lan-ezbeharren kopuruak gora egin duela iazko urtearekin alderatuta. EAEn (azaroa bitarteko datuak) %2,3 igo da eta Nafarroan (iraila bitarteko datuak) %19,8. Datu ofizialak aintzat hartuta bakarrik, EAEn egunero 234 pertsonek sufritzen dute lan istripuren bat edo laneko gaixotasunen bat. Nafarroan 77 lagun dira. Azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekaritatea dira egoera hori eragiten duten faktore nagusiak. Hala jaso da ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Hego Euskal Herriko lan ezbehar era gaixotasunen inguruan aurkeztu duten txostenean. Egoera iraultzeko neurriak ere bildu dituzte bertan. Egoera lazgarri honek urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubideen Karta Sozialak deitutako grebaren beharra berretsi besterik egiten ez duela baieztatu dute.

ELAk salatu duenez, Lan Ikuskaritzak ez du behar besteko irmotasunik enpresei egin beharreko eskakizunetan eta zigorretan, eta Osalanen eta INSPL-ren aldetik kontrol eta jarraipen eza agerikoa da laneko prebentzio eta segurtasun gaietan bete beharreko oinarrizko neurriei dagokienean. “Hori horrela den bitartean egoerari buelta ematerik ez dago”, baieztatu dute.

Azaldu dutenez, datuak larritzeko modukoak badira ere, errealitatetik oso urrun daude, asko ez daudelako erregistratuta (istripu arinak, in-itinere, etxeko lan istripuak, kooperatibistak, garraiolariak…) eta beste datu asko, erregistratuak izan ez daitezen, enpresek, mutuen laguntzarekin, gorde edo ezkutatu egiten dituzte eta gizarte segurantzara bideratu, laneko istripu edo gaixotasunak izango ez balira bezala.

Aipamen berezia egin diote laneko gaixotasunen erregistroari, “benetan ikusezinak direnak”. Baieztatu dutenez, inondik inora ez du benetan gertatzen dena erakusten, asko ez baitira aitortzen edo lan istripuekin gertatzen den bezala, mutuek patologien jatorria (lanekoa) ukatzen baitute eta ondorioz, osasun sistema publikora bideratzen dituzte, gaixotasun arruntak bailiran. “Aitortuak izan beharko luketen eta ez diren gaixotasunen kopurua eskandalagarria da”, salatu dute.

Honen aurrean, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek langileen segurtasuna eta osasuna serio hartu gabe jarraitzen dutela salatu dute. “Laneko osasunari buruz mintzo dira baina prekaritatea eragiten duten politikak sustatzen dituzte. Arlo horretan, ez dute euren politiken norabidea aldatu, ezbehar kopuru handiaren gaitz soziala desagerrarazteko. Bai EAEn, bai Nafarroan, prebentzioa xede duen aurrekontu orokorretako gastu publikoak (Osalan eta INSPL) berdin jarraitzen du azken urteetan eta % 0,1 baino baxuagoa da, hau da, ez da nahikoa-2, laburbildu dute.

Egoera iraultzeko neurriak bildu dituzte txostenean.

Irakurri hemen Hego EHko datuen txostena osorik

Irakurri hemen Nafarroako egoeraren balantzea

Bitartean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak aldarrikapen mezuekin jantzi dituzte. 

Iruñea:

Donostia:

Gasteiz:

Bilbo:

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.