2019-04-23 12:12
ELAk 2018ko Laneko ezbeharren Txostena aurkeztu du. Lanpostuan gertatutako heriotzak aurreko urtearekiko %20 gehitu dira, hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dituzte ELAk iaz lan-istripuak murrizteko egindako eskaera bat bera ere onartu, bereziki ikuskaritzako langileen kopuruari dagokiona. Guztira, iaz 67 langile hil ziren lan istripuetan Hego Euskal Herrian.

Pello Igeregi, negoziazio kolektiboko arduraduna eta Leite Heredia eta Andono Larralde, lan eta segurtasun arloko teknikariek hartu dute parte agerraldi honetan Bilbon.

Lanpostuan gertatutako heriotzak aurreko urtearekiko %20 gehitu dira; kopurua eskandaluzkoa da. Halaber, Europako Lan-Segurtasun eta -Osasunaren Agentziak egindako kalkuluen arabera, gaixotasun profesionalak istripuz hildakoak baino 35 bider gehiago dira; beraz, zenbaki ikaragarria da emaitza: 2.300 hildako lanak eragin ditu.

Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak kopuru horiek ezkutatu egiten dituzte; esaten dute laneko istripuz 47 pertsona besterik ez direla hil, eta gaixotasun profesionalen ondorioz zendutakoak ez dituzte aipatzen. Organismo ofizialek behartuta sentitzen dira erakustera lan osasunean zerbait egiten dutela, baina bitartean enpresen erabateko utzikeria zuritu egiten dute.

Laneko istripuen herena kontratuaren lehen hilean gertatzen da. Lana galtzeko beldurrak antsietatea eta presaka lan egitea eragiten du, eta hori bateraezina da hartu beharreko prebentzio neurriekin. Lanean gertatutako ezbeharren biktimak gehitu ahala, patronalak langileei konpromiso handiagoa eskatzen die; alabaina, pairatzen ditugun prekarietate tasen ondorioz horren ondorioa langilearen azpiratzea eta istripuak dira.

ELAren ustez ezin da onartu hauteskunde kanpainaren ardatz bihurtzea autobide baten eskualdatzea, eta aldiz Lan Ikuskaritzaren eskuduntza nola jaso zen eztabaidagai ez izatea. Kontua da administrazioen arteko tratuaren arabera ezin dela EAEn erabaki beharrezko ikuskari kopurua; ondorioz, ikuskaritza lantaldea Europar Batasuneko batez besteko maila baino 2,5 bider txikiagoa da. Ikuskaritza egiteko bitarteko nahikorik eta enpresak zigortzeko modurik gabe, aurrerantzean ere enpresek prebentzio arauak nahieran aplikatuko dituzte: horrek ematen du gure erakunde eta alderdiek lan osasunarekiko duten kezkaren benetako neurria.

ELAk berriro igorriko dio Eusko Jaurlaritzari dekalogo bat, zeinak lan istripu eta gaixotasun kopurua zeharo murriztuko lukeen. Politika irmoa behar da horretarako, eta patronalarekiko jarrera gozoa amaitzea, prekarietatea hedatzea erabaki duelarik. Izan ere, prekarietateak hil egiten baitu.

Irakurri txostena

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.