2023-02-21 12:30

Informazio gehiago Sagarrak webgunean

Pasa den igande goizean 50 pertsona baino gehiago elkartu ziren Kalero auzotik Montefuerteko parkera doan bidean zuhaixka autoktonoak landatzeko. Adin guztietako lagunak (nagusiak, gazteak eta umeak) hurreratu ziren jardunaldi horretan parte hartzera. Aurreko urteetan bezala, Sagarrak talde ekologistak eta Kareaga auzo elkarteak zuhaixkak landatzeko egindako deialdiak arrakasta handia izan du.

Etorritako boluntarioek gogotsu aritu dira goizeko hamarretatik eguerdiko ordu batera bertako espezieak landatzen. Aurtengo jardunaldian ondoko zuhaixken aleak landatu dira: elorrizuriak, elorribeltzak, ereinotzak , zumalakarrak, basaerramuak, gurbitzak, gorostiak, gaukarrak.

Jardunaldia bukatzeko eta sagar ekologikoak dastatzen genituen bitartean Mentxu Amunategik, herbolaria, landatutako zuhaixka batzuen erabilieraz eta haien ezaugarri sendagarrien berri eman zizkigun.

Urtez urte sortu nahi dugun landare-hesiak itxura hartzen du. Hilabete barru, udaberriarekin batera, zuhaitz hostogabeak hostoz jantziko dira eta bide horretatik ibiltzea oso atsegina izango da.

Jardunaldi honetan ere azpimarratu nahi izan dugu ekimen honekiko estimu eta errespetu orokorra. Zoritxarrez, pertsona ezezagunen batek egindako landare mozketa deitoratu behar dugu. Mozketa oldarkor horrek kalte handia egiten dio garatzen ari zen plantari, eta moteldu egiten du planteatutako helburua lortzea.

Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek boluntarioen laguntza eskertu nahi dute. “Lan hori gabe proiektu hau ezinezkoa izango zen”-azpimarratu dute Sagarrak elkarteko eta auzo elkarteko ordezkariek.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...