Errioan bat egiten dute Urolak eta Narrondok.
Zumaiako errioan bainatzea berriz ere debekatuta dago, Osasun Sailak egindako azken analisi mikrobiologikoen emaitzek hala eskatzen dutelako. Analisi mikrobiologikoak, hau da, printzipioz ez gara industria-isurketez ari, hiri-isruketez baizik. Ur beltzak edo kakak eta pixak, argiago esate aldera. Eta erriotik gora begiratzen badugu, zein da hobekien identifikatuta dagoen ur beltzen isurketa? Oikiakoa, alkateak ondo esan duen bezala. Oikiak badaramatza HAMABOST URTE saneamendu-sarera konektatzeko zain!
Baina Oikiako isurketak hainbesteko garrantzia izan dezake? Bai, eta ez dugu guk esaten, Ura agentziak berak baizik: Oikiako saneamenduak ahalbidetuko luke Urolan beherako kutsadura “nabarmen” arintzea eta egoera ekologikoa hobetzea, eta, ondorioz, bainatzeko urak ere osasungarriagoak izango lirateke. Baina, esan bezala, saneamendu-lan hauek dagoeneko HAMABOST URTEKO atzerapena metatu dute. Memoria pixka bat egin dezagun…
Herri-erakundeek 2007an Gipuzkoan hainbat saneamendu-lan egiteko Esparru Akordioa deritzona izenpetu zuten. Akordio haren arabera, Oikiako sanemandua, beranduenez, 2011rako bukatuta egon behar zen. 2010ean proiektu bat eta guzti idatzi zen, baina ez zen gauzatu, Jaurlaritzak ez zuelako bete lanok %100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Proiektua tiraderan gelditu zen harik eta 2019an Jaurlaritzak berak eta Aldundiak handik atera zuten arte. Orduan esan zuten lanak 2021rako hasita, behintzat, egongo zirela. Baina 2010eko proiektua zaharkituta omen zegoen eta, horren ondorioz, 2021ean, lanak hasi ez eta proiektu berri bat esleitu behar izan zuten. Proiektu berria 2022an ipini zen jendaurrean (*). Geroztik, albisterik ez.
Joan den maiatzean salatu genuen Zumaiako Udalak ez duela nahikoa egiten Urolan pilatzen diren eta bere eskumenekoak diren hondakin solidoak garbitzeko. Adibide moduan, Uralita-hondakin batzuekin gertatutakoa jarri genuen (hondakin arriskutsua da Uralita). Eguzkik salatuta, Udalak hondakin haiek erretiratu zituen, baina gero jakin genuen Urak ia urtebete lehenago emana ziola haien berri Udalari. Ondo dago Urak Udalari kargu hartzea hondakin batzuk erretira ditzan, baina Urak/Jaurlaritzak berezko erantzukizunak dituzte ibaien kutsadurari aurre egiteko, eta horren adibide ezin garbiagoa da Oikiako kasua.
EGUZKI, 2025eko uztaila
(*) Ura agentziak berak adierazitakoaren arabera, saneamendu-proiektuak Oikiako eta Oikiapean dagoen Xey industialdeko hondakin-urak biltzea eta Basustako araztegira bideratzea ahalbidetuko lituzke. Halaber, aurrera begira Aizarnazabalgo hondakin-urekin horixe bera egitea ere ahalbidetuko luke. Izan ere, Aizarnazabalgo hondakin-urak ere gaur egun ibaira isurtzen dira. 2022ko proiektuaren aurrekontua 5,4 milioi eurokoa zen eta obrak egiteko epea, berriz, 11 hilabetekoa.