Gipuzkoa Antitaurina plataformak manifestazioa deitu du datorren abuztuaren 9rako Donostian, 18:00etan, Ilunberen zaharberritzerako ezein proiektuk zezenketak egiteko aukera bazter dezan aldarrikatzeko.
Plataformak ohartarazi duenez, diru publikoa zezenketak egitea ahalbidetuko lukeen ezein proiektura bideratzea herritarren borondatearen aurkako litzateke. Plataformak azpimarratu nahi du, halaber, urtean hiru egunez baino ez direla egiten zezenketok, eta nagusiki hiritik kanpoko jendea bertaratzen dela.
“Instituzioek herritargoa entzun eta animalien sufrimendua oinarri duten ikuskizunak baztertzeko garaia da” adierazi du Pilar Otegui plataformaren bozeramaileak, “Ilunbe berria biolentziatik at geratu eta kultur, kirol eta jarduera komunitarioetara bideratzeko exijitzen dugu”.
Manifestazioan zehar tauromakiari diru laguntza eta sustapen oro kentzeko eskatzen duen agiria irakurriko da. Halaber, animaliekin egiten diren Sokamuturra bezalakoak edota Azpeitia, Deba, Zestoa edota Donostian egiten direnak bezalako entzierro eta abarrekin amaitzeko deia egingo da.
Honetaz gain, plataformak lurraldeko udalerri guztietan formalki interpelazioak egingo ditu, ordezkaritza duten indar politiko guztiek ikuskizunetan animaliak erabiltzeari buruko euren iritzia eman dezaten.
Manifestazioa Donostiako Bulebarretik / Hernani kaletik abiatuko da, eta zezenketen aurkako talde zein norbanako ugariren parte hartzea espero da. Gipuzkoa Antitaurina plataformak Donostia eta inguruko herritarrak parte hartzera deitu ditu, gizartearen iritzia ageriko utzi eta animaliekiko errespetua oinarri duen zezenketen aurkako Donostia aldarrikatzeko hitzordu garrantzitsutzat joaz.