2022-01-05 12:41

Eguzkik Urumean salatu duen urpeko zabortegiak (Urpeko zabortegi bat Urumean, Donostiako bihotzean – Eguzki Talde Ekologista) agerian utzi du instituzioen arduragabekeria errioarekiko. Irudiak hain dira argiak (eta Donostiako erdialdean bertan) ezen instituzioak erreakzionatu beharrean aurkitu diren, eta erreakzionatu dute baloiak kanpora botatzen edo, hobeto esan, patata beroa elkarri pasatzen. Donostiako Udalak esan du ardura URArena dela; URAk, berriz, Udalari dagokiola, eta Kosta Zerbitzuak, azkenik, momentuz ez du ezer esan, “Madrilek zer aginduko” zain.

Eguzki ez da eskumen-eztabaida horretan sartuko. Izan ere, Urumeako urpeko zabortegia ez da konpetentzia-kontua, inkonpententzia-kontua baizik.

Urumean utzikeria handia dago, baina inork ez du utzikeriaren erantzukizuna bere gain hartu nahi.

Udalak, baloiak kanpora bota nahian zebilela, hara non espresuki aitortu duen urteak daramatzala Urumea garbitu gabe. Are gehiago, garbiketa bideratzeko hitzarmenik ere ez duela bilatu. Baina Urumea ez al da Donostia?

Onartezina da eskumen-kontuen atzean ezkutatzea. Udalak eta haren teknikoek aspalditik zuten arazoaren berri. Izan ere, hondakin gehienak hor zeuden azken uholdeak izan baino lehenagotik. Ez dute ezer egin, ordea.

Garbi dugu arazoaren iturburua direla erosotasunaren izenean gaizki jokatzen duten herritarrak. Baina horrek ez du esan nahi herri-erakundeek arazoa konpontzen ardura ez dutenik, noski.

Urumea Donostiakoa, Donostiarena ere bada. Beraz, bertan pilatutako hondakinak lehenbailehen atera egin behar dira, batetik, eta, bestetik, zaintza eta bestelako neurriak zorroztu egin behar dira hainbat herritarren praktika txarrak eragozteko. Eta bide horretan herri-erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da. Ez du balio ardurak saihesten ibiltzeak.

Donostiak ezin du Urumeari bizkar emanda bizi.

Urpeko zabortegiaz aparte, Urumeak 2001ean hainbat isuri kutsakor jasan ditu Donostiako udalerrian. Guk geuk, Eguzkikook, horietako zortzi salatu ditugu. Garbi dago Urumea defentsa beharrean dagoela.

EGUZKI, 2022ko urtarrilaren  5ean

La entrada Urumeako urpeko zabortegia ez da konpetentzia-kontua, inkonpetentzia-kontua baizik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/