2022-09-06 20:03

Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri du Urola ibaian, Zestoako Bainuetxearen parean dauden hiru presa txiki eraisteko Foru Aldundiak eskatu dion baimena, eta Eguzkik aprobetxatu du baimenaren aldeko alegazioak aurkezteko.

Planifikazio hidrologikoak behin eta berriz nabarmentzen du ibai-ekosistemak biziberritzeko, ez dela nahikoa isurketa kutsakorrak ezabatzea. Horrela, uren kalitate kimiko eta biologikoa hobetuko da, noski, baina ibai-ekosistemak biziberrituko badira, isurketa kutsakorrak ezabatzeaz gain, ur-erregimena aldatu eta arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen edo ezinezko bihurtzen duten presak eta antzeko oztopoak ere ezabatu egin behar dira.

bainuetxea01Aldundiak dioenez, gaur egun 750 oztopo inguru daude Gipuzkoako ibaietan, gehienak, %75, gaur egun erabilerarik ez dutenak. Izan ere, Gipuzkoako Ibai-Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidariak 2035era arte horietako 228tan jardutea aurreikusten du. 228 horietako 39 Urolaren arroan daude: 22 Urolan bertan, 4 Granadaerrekan, 3 Ibaiederren, 1 Otaolan eta 9 Errezilen.

Planak aitortzen duenez, Urolarena da irisgarritasun edo konektibitate txarrena duen Gipuzkoako arroa. Izan ere, Zumaiako bokaletik 11 kilometrora, Aizarnazabalen, Rezusta zentral hidroelektrikoaren presa dago, arrainentzat gaindiezina dena, Altuna Txikiko presa gaindiezina den bezala. Praktikan, arrain migrariek ezin dute Urolan gora egin, aingirek izan ezik, eta aingirek ere oso modu mugatuan. “Oztopo horiek iragazkor bihurtzea premiazkoa da”, ondorioztatzen du Planak.

bainuetxea01Hala ere, eta paradoxikoki, ematen du Planak Urolaren arroan aurreikusten dituen neurriak, oro har, apalagoak direla beste arroetan baino, oztopo nagusietako batzuek oraindik funtzio bat dutelako eta emakida edo kontzesio batzuk indarrean daudelako. Dena dela, Urolan 13 oztopo eraistea aurreikusten du Planak, horien artean, arestian aipatutako Zestoako Bainuetxeko hiru presa txikiak. Presa horiek, betiere Planaren arabera, 2022an eta 2023an desagertu beharko lirateke.

Urola arroan bertan, beste bi presa ere botatzeko tramiteak egiten hasi da Aldundia. Bata da Otaola errekako Gure Tokikoa, Zestoan bertan. Bestea, berriz, Granadaerrekako Illarragorrikoa, Aian dagoena.

Beraz, Urolan dauden beharrak ikusita, presatxo horiek eraistea urrats txikia baino ez da, baina eman beharrekoa. Horregatik egin du Eguzkik aldeko alegazioa.

EGUZKI, 2022ko iraila

La entrada Urola ibaian, Zestoa parean, hiru presa txiki eraistearen aldeko alegazioak aurkeztu ditu Eguzkik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/