Jendetsua izan da, zinez, Astra aurrean eskainitako prentsaurrekoa.
Guggenheim Urdaibai museo-proiektua bertan behera geratu izana herri-mugimenduaren sekulako garaipena da, dudarik gabe. Bai, ingurumena defenditzen jarraitu beharko dugu, noski, baina garaipenak identifikatzen eta ospatzen ere jakin behar dugu. Alde horretatik, Guggenheim Urdaibai STOPek ekitaldi bat iragarri du otsailaren 7an, Gernikan.
Izan ere, Guggenheim Urdaibai STOPek prentsaurreko jendetsua egin du Gernikan bertan, Astra aurrean, museo-proiektua bertan behera utzi izana baloratzeko. Hona hemen, hitzez hitz, bertan esan dutena.
GUGGENHEIM URDAIBAI STOP PLATAFORMAREN IRAKURKETA
Gaur, argi eta garbi adierazi nahi dugu: herritarron lanari esker lortu da Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratzea. Garaipen hau hainbat eta hainbat lagunek egindako lan etengabearen ondorioa da.
Hasiera-hasieratik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jarrera zurrun eta inposatzailea erakutsi zuten, eta agintariek aho betean esan ziguten museo hau «bai ala bai» egingo zutela. Berdin zitzaien gizartearen iritzia, berdin zitzaien herritarren artean sortutako eztabaida. Orain, ostera, hementxe gaude, zientziak, legeak eta gizarteak agerian utzitako errealitateari ihes egin ezinik agintari eta erakunde horiek berek hartu behar izan duten erabakia ospatzen.
Bitartean, haiek hortxe dabiltza, herritarroi eman beharreko azalpenetan katramilaturik. Ingurunean eta herritarrongan hainbesteko eragina duen erabaki hau interes pribatuak dituen patronatu baten esku utzi ondoren, orain argudio merkeekin estali nahi dute beren hausnarketarik eza. Burokrazia eta auzi administratiboak aipatu dituzte; kutsadurarekin arazoak daudela esan dute; azaldu dute ontziolak uko egin diola lurrak saltzeari. Argudio horiek seriotasun falta eta arduragabekeria baino ez dute erakusten.

Herritarrok hasieratik dakigu zergatik baztertu behar den Guggenheim Urdaibai proiektua. Alde batetik, proiektu honek kalte ekologiko larriak eragingo lituzke, eta ondotxo daki hori komunitate zientifikoak, hasieratik ibili baita horretaz ohartarazten. Bestalde, Urdaibai Biosfera Erreserba babesten duten legeekin ezinezkoa da proiektu hau bideragarria izatea, nahiz eta agintariak behin eta berriro saiatu diren lege horiek saihesten. Gainera, horrelako egitasmo batek ez du inondik inora gure eskualdearen egoera sozioekonomikoa suspertuko; alderantziz, prekarietatera eta gure nortasuna galtzera kondenatuko gintuzke.
Arrazoi horiengatik jardun dugu borrokan agintarien eta erakundeen aurrean, arrazoi horiengatik atera gara kalera behin eta berriro azken hiru urte hauetan. Eta horrexek gerarazi du Guggenheim Urdaibai proiektua: herritarron presioak, herritarrok kontra egiteak. Busturialdeak ezetz esan du, herritarrok ezetz esan dugu. Eta horixe da orain Euskal Herriko bazter guztietara zabalduko dugun mezua, horixe da gure ondorengoei kontatuko dieguna. Jakin dezaten agintariek ez dutela beti lortzen haiek nahi dutena, jakin dezaten herriak ere baduela hitza eta herritarrok badugula inposatu nahi dizkiguten egitasmoak bertan behera uzteko ahalmena.
Horregatik, gaur, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hiru urtez borrokan aritu diren guztiei. Eskerrik asko herri-sareari, gure aldarria lau haizeetara zabaltzeagatik. Eskerrik asko propaganda-taldeari, borroka honetan eskulana, indarra eta errebeldia jartzeagatik. Eskerrik asko urratsez urrats aurrera egiten lagundu diguzuen kolaboratzaile guztiei. Eskerrik asko gu zaintzen ibili zareten lagun eta etxeko guztiei. Eskerrik asko Busturialdetik eta Euskal Herriko txoko guztietatik plataforma honi eutsi diozuen herritar guzti-guztiei. Zuen lanari esker, gaur hemen gaude. Herriak irabazi du, Urdaibaik irabazi du.

Jakitun gara hau ez dela hemen amaitzen. Gure ingurunea eta gure eskualdearen etorkizuna defendatzeko lanak ez du amaierarik. Gu ez gara naturaren jabe, gu naturaren parte gara. Eta gure betebeharra da jasotakoa zaindu, babestu eta hobetzea, eta ziurtatzea etorkizuneko belaunaldiek ere bizirik eta osasuntsu jasoko dutela. Guk horretan jarraituko dugu. Halaber, gure erakundeei eskatzen diegu Busturialdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeko proiektu serio, bideragarri eta eragingarriak abian jartzea eta horretan inbertitzea, eskualdeko agente sozialen iritzia kontuan hartuta.
Orain, baina, ospakizunerako garaia da. Eta horretarako gonbidapena egiten dizuegu: otsailaren 7an, Gernikan batuko gara. Lorpen handi hau jai-giroan ospatuko dugu; eta, horrekin batera, Urdaibairen aldeko konpromisoa berretsiko dugu. Beraz, gorde eguna: otsailaren 7an, erdu denok Gernikara, erdu denok ospakizunera. Eta aldarrikatu dezagun, argi eta ozen, gizarte antolatua erakundeen eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko gai dela.
Elkarrekin irabazi dugu, eta elkarrekin ospatuko dugu!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.