2024-04-17 18:06

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek, larunbat honetan, apirilaren 20an, arratsaldeko 18:00tan, Altsasun burutuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Manifestazio horren helburua abiadura handiko trenek soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea da eta gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea, trena benetako garraiobide bihur dadin.

Duela urte eta erdi aurkeztutako Alternatiba aurrera eramatea eskatzen dugu, hiru bide-ingeniarik idatzia. Azterlan tekniko alternatiboa egungo bideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritzen da, eta eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasotzen ditu, Garraio Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin.

Abantaila handi bat planteatzen du: salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide-plataforma bakar batekin betez.

Deialdiaren berri emateko atzo Altsasun eskainitako prentsaurrekoa.

Alternatibak erakusten duenez, Burgos Gasteizekin eta Gasteiz Iruñearekin lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia-denborak 10 eta 8 minutu baino ez dira handituko, hurrenez hurren. Trukean, aldirietako eta eskualdeetako konexioak hobetuko lirateke, geltoki guztiak berrituko lirateke, berri batzuk irekiz, geralekuak berreskuratuko lirateke eta ingurumen-inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke.

Egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker, egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri-integrazio hobea lortzeko.

Herri-plataformen eta Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortutako konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzeko asmoarekin egin da azterketa.

Gainera, Frantziako Estatuak Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren-azpiegitura berri bat EZ eraikitzea erabaki ondoren, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide-trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren, gure alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak inoiz baino indar handiagoa hartzen dute.

Ildo beretik, gogorarazi nahi dugu Euskal Y-aren eta Iruñearen arteko loturak eragindako udalerrietako alkatetzen %70 baino gehiago planteatutako alternatiba gauzatzearen alde daudela, herritarren artean gai honekin dagoen adostasun zabala islatuz.

Horregatik eskatzen dugu herriaren borondatea errespetatzea, trenbide-azpiegitura berri bat eraikitzeko lan guztiak gelditzea eta planteatutako alternatiba aurrera eramatea.

Bukatzeko, larunbateko manifestazioan parte hartzeko gonbidapena berriro luzatu nahi diogu jendeari garrantzitsua bezain polita izango delako. Fanfarrea, joaldunak, erraldoiak, Irurtzungo izaki mitologikoak, Jotafa txaranga, txalapartariak, bertsolariak, traktoreak eta abar luze bat izango ditugu larunbat arratsaldeaz gozatzeko eta aldi berean AHTren txikizioaren aurka ekiteko eta gure eskualde eta herriak lotuko dituen tren baten alde borrokatzeko.

P.S. Bada ekimen honen berri zehatzago ematen duen aldizkari bat, manifestazioaren antolatzaileak egunotan herriz herri eta etxez etxe banatzen ari direna. Iritsi ez bazaizu, hemen ikus dezakezu:  AHTaren aurrean alternatiba aldizkaria / Revista sobre la alternativa al TAV by AHTaren aurrean alternativa – Issuu

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/