2023-01-25 11:46

Miura baserria, dorrea atzean duela

Hasi dira Pasai Donibanen zegoen Termikako azpiegitura elektrikoa desmuntatzeko lanak. Termikak 2012an funtzionatzeari utzi zion arren, argindarra sortzeko erabiltzen zuen azpiegitura ez da kendu gaurdaino: dorreak eta horietatik doazen goi tentsioko kableak dira desmuntatzen ari direnak. Jaizkibelgo hegoaldeko magalean nahiz Herriondoko haranean dauden zortzi dorre eta 2,5 kilometroko kable-linea kenduko dira. Hau da, zentral zaharretik, Miura baserrira arteko eremuan eragina izango dute lanek.

 

Lezoko Udalak adierazi du 2014an eskatu ziola Red Electrica Españolari horiek desmunta zitzala. Erakunde horrek garai hartan udalari esan zion bederatzi urtez izan zitekeela erabiltzeko moduan azpiegitura hori guztia, beharrik balego, badaezpada. 2021ean adierazi zuen Iberdrolak linea desmuntatzeko nahia; Red Electrica Españolarekin partekatzen zuten azpiegitura horren jabegoa eta kudeaketa.

 

Guztira, 116.193 euro bideratuko dira  zortzi dorreak eta bi kilometro eta erdiko luzerako kable sorta kentzeko. 2022ko azaroan hasi ziren zeregin horretan, zehazki, Miura eta Bordaberri baseri ondoko egiturak eraisten. 2023aren hasieran jarraituko dute lanekin, Lopene baserri ondoko dorrea kenduko dutelako. Gainerako bost dorreak Jaizkibelen hegoaldeko magalean daude, Kostaburu aldean, Eguzkitza baserriaren alboan, eta Olatzarren. “Kontu handiz egiten ari dira desmuntatze-lanak, inguruko landaretza eta sarbideak zaindu asmoz. Ibilgailuen zirkulazioan ez da arazorik izango”, zehaztu du Lezoko Udalak.

La entrada Pasaiako Termikaren azpiegitura elektrikoa eraisteko lanak hasi dira aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/