2022-09-01 17:38

Errota Berriko presa eraisteko lanak, dagoeneko bukatu direnak. Argazkia Santueneko zubitik ateratakoa da.

Uda honetan, Usurbilen, Oriako ibilguan, Errota Berriko presa zaharra, gero Ingemar marmol-fabrikak berrerabili zuena, eraitsi dute. Halaber, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu du Aldundiak baimena eskatu duela ibaian gora dauden beste hiru presa txiki eraisteko: Asteasuinzarra, Michelin 1 eta Michelin 2, Usurbilen eta Lasarte-Orian.

Eguzkik eta Anerrekak txalotu egiten dituzte ibaien egoera ekologikoa hobetzeko politikaren barruan dauden ekimen hauek.  Izan ere, ibaien ibilguak oztopoz josita daude, batez ere presak eta presa txikiak, askotan aspalditik erabilerarik ez dutenak, gainera. Oztopo hauek ur-erregimena aldatu eta arrain-espezieen mugikortasuna zailtzen dute.

ALABAINA, Eguzkik eta Anerrekak ohartarazi nahi dute presa txiki horiek eraisteak ezer gutxirako balioko duela baldin eta ibai-zati horretan dagoen oztopo nagusia, hau da, Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharreko presa, zutik mantentzen bada ur bizien kanala eraikitzeko. Eta ez ahaztu kanal-proiektu horrek Usurbilgo Udalaren behin-behineko onespena eta Eusko Jaurlaritzaren babesa badituela.

Kontuan izan behar da Orbeldiko presa, ibai-zati horretako oztopo nagusia izateaz gain, Oria biziberritzeko gakoetako bat ere izan daitekeela, itsasotik sartuta arrainek aurkitzen duten lehen oztopo handia delako. Are gehiago, arrainek saihestu dezakete soilik presako eskuinaldean dagoen eskala bati esker. Eta eskala horretan, ez kasualitatez, Aldundiak arrainen jarraipena egiteko nasa bat dauka. Aldundiak berak presa hau botatzeari garrantzi handia ematen dio. Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidarian, behintzat. Orian aurrikusitako ekimenak aipatzen dituenean, zera dio: “Azpimarratzekoa da Orbeldiko presa eraistea”.

Eta, hala ere, ur laster edo ur bizien kanal-proiektuak hor jarraitzen du.

EGUZKI TALDE EKOLOGISTA eta ANERREKA INGURUMEN ELKARTEA, 2022ko iraila

La entrada Ondo dago Errota Berriko presa botatzea, baina alferrik izango da baldin eta Orbeldikoa ur bizien kanala egiteko mantentzen bada aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/