2019-11-19 22:53

Kontserbazionistok eta ekologistok natura eta biodibertsitatea babesteaz gain, bertan gozatzea asko estimatzen dugu eta ekintza ezberdinen bitartez hori bultzatzen dugu: oinez ingurua ezagutu, argazkiak egin, fruituak edo perretxikoak bildu, animaliak, landareak, zerua, geologia… ezagutu eta behatu, bereizi, paisaiari so egin… Baina beti ere, ingurunearen arauak errespetatuz. Azkenaldian gure inguruan gero eta abentura parke gehiago bultzatzen ari dira, tirolinen bitartez, zuhaitzen artean zintzilik ibiltzeko: Igeldo, Leitzaran, Lizarrustin… Baina hasieran genioen moduan, inguruko arauak errespetatuz egin behar da, are gehiago, erakundeek bultzatzen baitituzte proiektu horiek.

Aralarko tirolina martxan dagokion ingurumen azterketarik gabe.

Baina, alajaina, Aralarko Lizarrustin dagoeneko eginda dago horrelako abentura parkea, ingurumen ebaluazioaren ebazpenik gabe gainera. Oso larria iruditzen zaigu, parke hori Gipuzkoako Parketxe Sareak sustatu duelako, eta Foru Aldundiak bultzatutako fundazio horrek kudeatzen dituelako parke naturalen interpretazio-zentroak eta parketxeak. Halaber, Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Turismo departamendua da parke naturalen arduraduna eta Lizarrustiko abentura parkea bere oniritziarekin egin da nonbait. Irailean, hainbat natur eta ekologista elkartek ekarpenak bidali genizkion Aldundiari, proiektu horren ingurumen-ebaluazioaren txostena ez onartzeko eskatuz, arrazoi hauengatik:

  • Dagoeneko parkea eraikita dago, ingurumen legeak bete gabe eta gainera EITBko abentur@roa programan zabaldu dute (klikatu irudian):

Abenturaroa 3

  • Ingurumen-legeak bete ez dituen parkearen  irudiak  telebista publiko batek zabaltzea  tamalgarria da.
  • Aralarko Parke Naturalaren arauen arabera, ezin da horrelakorik egin.
  • Parke Natural batean abentura-parkea egitea haren babesaren eta kontserbazioaren aurka doa, bertako habitat eta espezie babestuengan ez duelako inolako onurarik sortuko. Kontrakoa pasako da, hain zuzen: jendearen joan-etorriak ugaritzeak bertako lasaitasunean eragina izango du, eta orain arte gizakirik ibili ez den harkaiztietan jendea gora eta behera ibiltzean ingurunea desitxuratuko da, bertako izaki bizidunengan zuzeneko eragina izan lezakeelarik.
  • Eremu babestu batean izan lezakeen ingurumen-eragina ez da zehaztu.
  • Proiektatzen den tirolinak ez du lotura zuzenik Aralar Kontserbazio Eremu Bereziaren Eremuaren (KEB) kudeaketarekin, eta ez da beharrezkoa horren kudeaketarako.
  • Horrezaz gain, irailean jasotako dokumentazioa espainiera hutsez zegoela jakinarazi behar dugu, Parketxe Sareak hala aurkeztu zuelako eta nahiz eta aurretik euskaratzeko eskatu genuen ez zen egin, euskararen legedia eta gure hizkuntza eskubideak urratuz.
Txorien pare ibili bai eta hegaztiak, kaltetuak ote? Kaltetuak ez dakigu baina Natur Parkearen arauek ez dute jarduera baimentzeko biderik ematen.

Txorien pare ibili bai eta hegaztiak, kaltetuak ote? Kaltetuak ez dakigu baina Natur Parkearen arauek ez dute jarduera baimentzeko biderik ematen.

Ia bi hilabete pasa dira harrezkero eta oraindik ez dugu erantzunik jaso, nahiz eta kalteak eginda dauden. Honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eskatzen diogu neurriak har ditzala Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurka, ingurumen legedia bete gabe Aralar Natura Parkean abentura-parkea eraikitzen uzteagatik, eta Aldundiaren Ingurumen Departamenduari, berriz, ez dezala proiektu horren ingurumen-ebaluazioa onartu.

NATURKON Donostian, 2019ko azaroaren 14an.

Naturkon osatzen dugu:

Naturkon-parataideen-anagramak-txikian

La entrada Lizarrustin (Aralar), abentura parkea legez kanpo! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/