2020-02-27 23:10

Ez erre etorkizuna! lemapean, larunbatean manifestazioa egingo da Donostian, Larreko plataformak deituta. Manifestazioaren helburuak honako bi lema hauetan ere laburbil daiteke: Zaldibar argitu! Erraustegia gelditu! Hitzordua arratsaldeko 17:00etan da, Easo plazan. Esan gabe doa Eguzkikook ere parte hartuko dugula. Larrekok eginiko deialdiaren mezua hauxe da…

Gaur hemen elkartu gara larrialdi ekologikoarekin kezkatuta gauden Gipuzkoako herritar eta eragileak garelako. Zaborraren inguruan egondako desinformazio saiakera oroz gaindi, gaur, Zaldibarreko zabortegiaren hondamendia gertatu zenetik hainbat egun pasatu direnenean, larrialdi egoera hondakinen kudeaketa lotsagarriaren ondorio dela errealitate ezkuta ezina delako. Adierazpen instituzional hutsetatik harago, ekoizpen eta kontsumo katearen esparru guztiak eraldatuko dituen trantsizio ekologikorako proposamenik ez dagoela gaur agerian dagoelako. Eta larrialdi egoera hau aprobetxatu nahi duenik ere egon badagoelako, geure kontura, haien mesedetan, zaborra betiko legez sortzen eta pilatzen jarraitu eta hartatik errez etekin energetikoa ez, baizik eta ekonomikoa ateratzen ahalegintzeko.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere parte hartzeko deia egin du.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere parte hartzeko deia egin du.

Boteredunek errausketa ekonomia zirkular gisara izendatzen dutenetik, klima aldaketaren aurkako borrokan euren konpromiso politiko erreala ez-nahikoa dela esan nahi digute. Erraustegiari “Gipuzkoako ingurumen-gune” deitzearekin berdez zuritzeko estrategia aparta egin dutela agerian da, erraustegiaren lobbyek plastikoa eta erregai fosilak euren etekinak handitzeko adina ekoiztuko duen sistema bermatu beharrean daudelako. Guzti honen kaltea herritarrak ari gara jasaten, ingurumena ari da jasaten, Zaldibarren ikusten ari garen antzera: oraindik bi langile desagerturik, bizi baldintza eta osasun arriskuen aurrean erantzukizun eta neurri hartzerik ez dagoelarik, kudeaketa pribatizatuaren ondorio ekologiko latzak menperatu ezinik, eta milaka herritar kutsadurarengatik alertan daudelarik. Gure elkartasun osoa Joaquin eta Albertoren senideei, eta Zaldibar eta inguruetako bizilagun guztiei!

eguzki-maskara_3Guzti honek Zubietako erraustegiaren kudeaketaz zer pentsatua ematen digu, erraustegiaren kudeaketa, Zaldibarko zabortegiaren gisara, pribatua izango baita, Eusko Jaurlaritzaren “kontrolarekin”. Berriki jakin ahal izan dugun bezala hondakin industrial ustez ez arriskutsu hauek erraustegi ustez ez kutsagarrira bideratzeko aukera aztertuko dute; jakina dugunez, gaur erraustegia erdi hutsik egotean errendimendu osoan jarri nahiko dutela, birziklapen tasak areagotzeko helburu ekologikoki sostengarria eta erraustegiari jaten emateko helburu ekonomikoa kontraesankorrak direlarik.

Aurrean dugun erronka ekologikoari eusteko, ez dugu erraustegirik behar: neurri ausart eta aurrerakoiak behar ditugu, errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa iraunkor eta garden bat.

- Konpromiso kolektibo eta politikoa behar dugu, ingurumenaren zaintza ardatz duten ereduenganako atxikimendua zabaltzeko, hau da, kontsumoaren murrizketa, berrerabilpena eta berziklapenean oinarritutako sistemen inplantazioa logika sozioekonomiko bakar gisa nagusitzeko. Politika publikoetatik bermatu behar den trantsizio ekologiko batek eskumenen pribatizazio gutxiago eta demokratizazio gehiago eskatzen du. Nork ordainduko du erraustegiaren zorra?

- Herritarrok hitza eta erabakia hartu nahi dugu, hondakinen kudeaketa geure egunerokoen afera delako, zuzenean eragiten digulako, eta errausketak geure lur, gorputz eta bizitzak kutsatzerik nahi ez dugulako. Ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredu baten aldeko borrokan trantsizio ekologikoa ardatz hartuko dugu eta bertan eragiteko konpromisoa geure egingo dugu.

LARReko mahaia osatzen dugunok geure osasuna, ekonomia eta klimagatik, erraustegia gelditzeko otsailaren 29an Donostian antolatu dugun manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Lurralde hau bizigarriagoa egiteko borrokan jarraituko dugu, dena baitugu irabazteko!

Errausketarik gabeko herri eta lurralde baten aldeko borrokan jarraituko dugu, ez diezaguten etorkizuna erre!

EAM_kartela_2

 

La entrada Larunbatean, manifestazioa Donostian: Zaldibar argitu! Erraustegia gelditu! Ez erre etorkizuna! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/