2025-05-30 07:40

Eusko Jaurlaritzak 1994. urtean Txingudiko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia onartu zuen. Plan horrek Txingudiko biodibertsitatea berreskuratzeko hainbat neurri zehazten zituen, horien artean irletara bideratutakoak. Helburu hori lortzeko, irlak “babesa integrala duten guneak (zorrotzena)” bezala izendatu zituen eta bertan debekatuak dauden erabilerak zehazten zituen (nekazaritza).

Aurrerago eta Txingudiko biodibertsitatea hobetzeko eta babesteko Europa mailan urratsak eman ziren, hasieran Interes Komunitarioko Lekua (IKL) izateko hainbat lan egin ziren eta, horren ondorioz, 1997ko abenduan izendapen hori jaso zuen.

Ondoren, ekainaren 4ko 356/2013 Dekretua argitaratu zen EHAAn, “Txingudi-Bidasoa” Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeari buruzkoa, eta eremu horren eta “Txingudi” Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren kontserbazio-neurriak onartzeari buruzkoa, biak Natura 2000 Sarearen esparruan.

Beraz, Plan berezia onartu zenetik 31 urte pasa dira, Interes Komunitario lekua (IKL) izendatu zenetik 28 urte igaro dira eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendapena jaso zuenetik eta eremu horietako onartutako kontserbazio-neurriak ezarri zirenetik laster 12 urte beteko dira.  KBEk jarritako neurriak betetzeko 8 urteko epea zegoen, gaur egun epe hori erabat gainditua dago.

Zoritxarrez, gauzatuak egon beharko liratekeen kontserbazio-neurri asko gaur egun ez daude beteak, hala ere, idazki honetan eta hasieran esaten dugun bezala, arreta jarri nahi dugu Iru Kanale irlako egoeran (baratzak).

Aipatu 3 dokumentuak bat egiten dute Iru Kanale irlan egin behar denarekin, eta dauden baratzak hortik kentzea da lehena, eta ondoren leheneratzeko zehaztuak dauden ekintzekin jarraitu. Gezurra dirudi gaur egun duela 31 urte babes integraleko izendatu zen eremuan leheneratu beharreko nekazaritza-guneak egotea.

Hau guztia esan eta gero, uste osoa dugu gai honetan (eta bestetan ere) administrazioak egin duen kudeaketa txarra baino txarragoa izan dela esatean ez dugula huts egiten. Neurriak gauzatu behar ziren denboran zehar izandako arduradunak betebeharrei uko egin diete. Ez betetze egoera hau ezin da gehiago luzatu, eta ahalik eta azkarren indarrean dagoen legediko/araudiko kontserbazio-neurri guztiak bete behar dira.

Gai honetarako Aldundiko oraingo arduradunak (Arruti jaunak) bere burua non kokatu nahi duen erabaki behar du, orain arte betebeharrei uko egin dioten arduradunekin egon edo legedia eta araudia betez kontserbazio-neurriak betearazi. 2025eko maiatzaren 27an aurkeztu dugun eskaerari emango dion erantzunak bere jarrera argituko du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/