2024-03-12 19:13

Astilleros de Muruetatik ontzi bat uretaratu dute gaur. Enpresak egun okupatzen duen gunean bertan eraiki nahi dute Urdaibaiko Guggenheimaren bi egoitzetako bat. Hori dela eta, Guggenheim Urdaibai STOP plataformak, hainbat talde ekologistarekin batera, azpijoko batzuk salatzeko prentsaurrekoa eskaini du. Esan gabe doa Eguzki ere bat datorrela salatutakoarekin. Hona hemen prentsaurrekoren edukia.

Gaur hemen bildutako elkarte eta gizarte-eragile guztiok berriro gogor salatu nahi dugu Bilboko Guggengeim museoaren hedapena Busturialdean.

Horretarako gaurko eguna aukeratu dugu, Muruetako ontziolan itsasontzi bat uretaratuko denean. Eta hau salagarria delakoan gaude.

– Francoren gobernuak Astilleros de Murueta S.A. ontziolari 1943an jabari publikoan 75 urterako kontzesioa esleitu zion. Kontzesioa 2018an bukatu zen eta orduan, ontziolak eremu horretatik alde egin beharko luke, orubea lehen zegoen bezala utzita. Aitzitik, bistan dagoenez, bere jarduera industriala aurrera eraman du.

– Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ere, 2023ko uztailean sinatutako hitzarmenean ontziola hau iraganeko kontua dela pentsarazi nahi izan ziguten, baina gaurko uretaratzeak argi erakusten du ontziolak bizi-bizi jarraitzen duela Biosfera Erreserbaren bihotzean.

– Foru Aldundiak ontziola erosteko asmoa adierazi du. Alabaina, hori erosteak ez dauka zentzurik! Lur horiek Espainiar Estatuarenak baitira, eta, beraz, haien balio katastrala 0 € da. Eremu horretako bi gauza baino ez dira ontziolarenak: eraikinak eta kutsadura. Eta eraikinaren eraisketa zein lur kutsatuen garbiketa herritarron diruarekin egitea onartezina da!

– Ekimen pribatuei bidea erraztu nahi diete diru publikoarekin, Lemoizko zentralaren kasuan egin duten bezala. Eta gainera Administrazioak inposaketaren bidearen bitartez mezu arriskutsu eta axolagabea erabiltzen du: normatiba ez dagoela betetzeko baizik eta interesen arabera tolesteko.

– Jokaldia maltzurra da oso. New Yorkeko Guggenheim frankiziari bere negozioa handitzeko behar dituen azpiegitura guztiak doan eskainiz, eta, bestetik, Astilleros de Murueta SA enpresa pribatuari ere, ingurumenarekiko dituen ardurak barkatuz eta herritarron diruarekin poltsikoak betez.

– Eta guzti hau bideragarri egiteko, Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesten duten lege eta normatibak aldatzeko ekimenak bultzatzen dabiltza han eta hemen:

— Batetik 2023ko urriaren 19ko Ministro Aginduak murriztu egiten du gaur egun ontziola kokatuta dagoen eremuaren babes-zortasuna, 100 metrotik 20 metrora. Honela, museoaren eraikinari espazioa egiten zaio.

— Bestetik, Muruetako HAPOren aurrerapena. HAPO berri honen helburua, ontziola kokatzen den lurren kalifikazioa aldatzea litzateke kalifikazio industriala ekipamentalera pasatuz. Kalifikazio hau behar beharrezkoa litzateke aktibitate museistikoa duen eraikin baten kokapena bideragarria egiteko.

— Honi gaineratu behar zaio Aldundiak eta Gernika, Foru eta Muruetako udalek sinatutako hitzarmena eta Biosfera Erreserbako EKPZ aldatzeko onartu den azken dekretua.

Ezkerrean, ez paduraren ertzean, baizik eta padura barru-barruan, ontziola.

Ezkerrean ontziola, padurari ostutako lursailetan.

Azpijoko gehiegi dira proiektua bideragarria egiteko eta onargarria izan dadin!

Herritarren eskubideak bermatzeko eta araudiak betearazteko ardura duten agintariak utzikeriaz eta alderdikeriaz jokatzen dabiltzala ikusita, jokabide eta gertaera hauek salatu beharrean aurkitu gara.

Biosfera Erreserba hartzen duelako, marko legal berezia du gure eskualdeak eta berau errespetatu beharra dago.

Proiektu hau bideragarri egitea helburu duten lege eta normatiba aldaketei, EZ!

Ingurumena eta ekosistemaren integraltasuna arriskuan jar dezaketen jokabideei, EZ!

Eskualdeko herritarren ongizatea, kultura eta etorkizuna mehatxatzen duen proiektu turistikoari, EZ!

Guggenheim Urdaibai proiektua STOP

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/