2022-06-01 16:35

Ostiralean, ekainak 3, 43 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.

Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dute Gladys Enean. Datorren igandean izango da, ekainaren 5ean. Baina ez da omenaldi bakarra izango, Tuteran ere, Bardea Libre kolektiboak antolatuta, 3an bertan egongo baita ekitaldi bat. Gauza gehiago ere badira, idatzi honen bukaeran ikusiko duzuen bezala. Baina goazen pausoz pauso. Hona hemen Donostiako omenaldiaren kartela:

Donostian, buelta ohiko usadioetara

Osasun-krisia dela eta, azken bi urteotan omenaldia egokitu behar izan dugu Donostian, baina bada ohiko usadioetara buelta egiteko garaia.

Gauzak horrela, aurten 12etan bilduko gara PARKEKO ATE NAGUSIAN, “behean”, eta, pandemia aurretik egin ohi genuen bezala, erromerian igoko gara Gladysen oroitarrira dagoen lekura. Han, goiko ordekan, egingo da omenaldia, aurreskua, lore-eskaintza, kantak eta gainerako ohiko osagaiekin.

Hitzordua 12etan PARKEKO ATE NAGUSIAN izango bada ere, ordu erdi bat lehenago, 11:30ean, Gladysen lagun talde batek beste hitzordu bat jarri du Bulebarrean omenaldira bizikletaz joan nahi dutenentzako. Ez da berez bizikleta-martxa bat izango, baina animatzen dena ongi etorria izango da.

Mezua

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys ez dugu gurtzen, amabirjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Aitortza ofizialik, gainera, ez da iristen. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken urteotan egin dituzten urratsak, erresistentzia handiak gainditu behar izan dituztenak, bide onean doazela ematen du, eta itxaropentsu gaude, baina oraindik ez dira gauzatu. Nolanahi ere, bide horretatik aitortza inoiz iristen bada, ongi etorria izango da, baina iritsi ala ez, Gladysek inoiz ez du herritarron aitortza faltan izango. Hain justu, horregatik antolatzen dugu omenaldia, herritarron aitortza hori publikoki adierazi nahi dugulako.

Baina Gladys ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera. Hori posible bada, behintzat. Izan ere, osasun-krisiaren ondorioak oraindik gainditu ez ditugunean, bete-betean beste krisi batean sartu gara, eta garbi dago krisi klimatikoa eta ekologikoa bigarren plano batean geratu direla. Energia nuklearra “green” bihurtu da, batetik, eta, bestetik, inoiz baino ageriago geratu da Repsol eta Iberdrola bezalako enpresak direla agintzen dutenak. Dirua barra-barra irabazten ari dira, baina inoiz ez dute nahikorik. Horregatik Josu Jon Imazek herri-erakundeei esan die “gaizki” ari direla. Eta eskerrak denon hobebeharrez zintzo-demonio ari diren bera bezalako pertsona argiak dauden, zeren eta, Sanchez Galan Iberdrolako presidendeak ohartarazi duenez, mundo honetan ergelok gehiegi baikara. Eta haien ondoan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Arantxa Tapiak esan ote die hain lotsagabe, behintzat, ez jokatzeko? Ez ba, aitasantua bera baino aitasntuzaleagoa izanik, kexatu da fracking-ekin ezin izan duelako aurrera egin. Bada, aurtengo omenaldian, egungo egoeraz hitz egiteko tartetxo bat ere egingo dugu.

Ekimen gehiago

Badira Gladysen urteurrenaren bueltan aipatu nahi ditugun beste hiru ekimen.

Bata da arestian aipatu dugun bezalaa, urtero Tuterako lagunek antolatzen duten omenaldia. Hona hemen kartela:

IMG-20220521-WA0015

Bestea, berriz, Donostiako Informatika Fakultatean antolatu duten liburuaren aurkezpena:

IMG-20220506-WA0000

Eta, azkenik, “Gladysen leihoa” filma, azken bizpahiru urteotan hainbat herri eta auzotan ikusi ahal izan dena, ETBn emitutuko dutela. Egia esan, bazen ordua. Orain arte filma ikusterik izan ez baduzu, horra aukera paregabea:

GladysebLeihoa

La entrada Gladysi omenaldiak Donostian eta Tuteran aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/