2021-08-25 12:32

Iazko abuztuan, Oriako Itxian legez kanpo eginiko hainbat hondakin-depositoren berri eman zion Eguzkik Donostiako Udalari. Bada, urtebete pasatu da, hondakinak zeuden lekuan daude, eta, ezer egin ezean espero zitekeen bezala, gero eta gehiago pilatzen ari dira. Ikus bideoa (1):

https://youtu.be/rHBFtQq4OZU

Metro batzuk harago, berriz, hondakin gehiago:

https://youtu.be/MfJv3pKgIMU

Eta hemen beste irudi batzuk:

IMG_20210822_124314 IMG_20210822_123748 IMG_20210822_123727 IMG_20210822_123514Oriako Itxia da Lasarte-Oriako Oria auzotik gertu baina Donostiako udalerriaren barruan dagoen paraje bat, eta bertan dauden hainbat hondakinen berri eman genion Udalari iazko abuztuan. Udala baloiak kanpora botatzen ari zela iruditu zitzaigunez, azaroan salaketa publikoa egin genuen (2). Abenduan, berriz, oposizioak galdetuta, zinegotzi arduradunak esan zuen hondakinak lur pribatuetan daudela eta, ondorioz, lurjabeei dagokiela garbitzea. Gauzak horrela, Udalak errekerimendu bat bidali behar zien eta, epe jakin batean errekerimendua betetzen ez bazuten, garbiketa Udalak berak hartu behar zuen bere gain, modu subsidiarioan. Ondo. Horixe zen Udalak, hondakinen berri izan bezain pronto, hartu behar zuen bidea.

Urtebete pasatu da, ordea. Ez dakigu errekerimendurik bidali den, baina Oriako Itxian gero eta hondakin gehiago pilatzen ari dira. Hain justu, idatzi hau publiko egiten dugu hor arazo bat dagoela gogoratzeko. Iaz esan genuen bezala, Oriako Itxiko hondakinak ez daude Donostiako erdigunean, udalerriko mugetan baizik, jende gutxik ikusten dituen paraje batean. Ados. Baina Udalak ez luke horregatik beste aldera begiratu behar; izan ere, hondakin horiek Alderdi Ederren bertan baleude bezain legez kanpokoak dira. Ingurumen-arazoa izateaz gain, jakina.

EGUZKI, 2021eko abuztua

1. Baten batek alderaketak egin nahi baditu, hona hemen iazko bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=SqW2OQB6o7k

2. Hona hemen 2020ko azaroan plazaratu genuen idatzia: Hondakinak eta Donostiako Udalaren utzikeria salatu ditu Eguzkik Oriako Itxian – Eguzki Talde Ekologista

La entrada Gero eta legez kanpoko hondakin gehiago Oriako Itxian aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/