2023-02-05 17:16

Bihar astelehenean Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko hirugarren urteurrena izango dela eta, talde polita bildu gara gaur eguerdian Eitzagan, Zaldibar Argitu plataformak antolatutako ekitaldian.

Hildako langileak gogoratu ditugu, non eta Udalak jarri nahi izan ez zuen monumentuaren aurrean. Bertan aurreskua dantzatu, lore-eskaintza egin eta gorosti bat landatu dute.

IMG_20230205_123859_2Ekitaldia aukera berri bat izan da, noski, hura ez zela istripua izan salatzeko, hondamendi hartan erantzukizun politiko garbiak egon zirela eta, hala ere, inortxok ere ez dituela bere  gain hartu.

Hona hemen oso-osorik Janire Lazkanok, Zaldibar Argitu plataformaren izenean, irakurri duen mezua.

ZALDIBAR ARGITU PLATAFORMAREN GAURKO MEZUA OSO-OSORIK

Eguerdi on, eta eskerrik asko guztioi gaur ere, hondamendia gertatu zenetik hirugarren urtemugaren atari den egun honetan, Zaldibar Argitu plataformak Eitzagan, hondamendiaren erdigunean deitutako ekitaldi honetara etortzeagatik. Urtez urtez bete dugu Eitzagako txoko hau borroka, aldarrikapen eta elkartasunez.

Otsailaren 5a da gaur. Hiru urte igaro dira Zaldibarko Verter Recycling zabortegia amildu zenetik, azken urteotako hondamendi ekologiko, sozial eta politiko handienetarikoa eraginez. Duela hiru urteko hondamendia gogoratu, egindako bidea errepasatu eta aurrera begira jartzeko eguna da gaurkoa.

Janire Lazkanok hartu du hitza, Zaldibar Argitu plataformaren izenean.

Janire Lazkanok hartu du hitza, Zaldibar Argitu plataformaren izenean.

Oroimenean iltzatuta daukagun 2020ko otsailaren 6ak, gogor astindu zuen euskal gizartea. “Langileak-Osasuna-Erantzukizunak. Zaldibar Argitu!” lemapean, milaka herritar irten ginen lehen momentutik kalera, eta ordutik, gogotik jarraitu dugu lanean, saretzen, langileak oroitzeko, gaia ahanzturan ez erortzeko eta erantzukizun guztiak argitzea exijitzeko.

Otsailaren 6ko zabor uholdeak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren bizitzak irentsi zituen, bete ezin den hutsunea sortuz. Zabortegian gertatutakoa eta bi langileen heriotza ez zen istripu bat izan, zuhurtziagabeko hilketa onartu zuten epaitegian Verterreko arduradunek eurek. Gertatu behar ez zen, eta ekidin zitekeen hondamendia izan zela argi gelditu da.

Ekitaldian auzoko batek ere parte hartu du.

Ekitaldian auzoko batek ere parte hartu du.

Otsailaren 6 hark, Euskal Herria astindu eta kolpatu bazuen, Eitzaga da guztiaren erdigune. Urte luzetan pairatu dute zabortegi nahiz bestelako makroproiektuen afera. Urte luzez sufritu dituzte kamioien joan etorriak, lur eta uren kontaminazioak, zaratak, amiantoz betetako hondakinen gorabeherak… Eta orain, guzti horri, lurren desjabetzeak, inposizioa, informazio eza… gehitu zaizkio. Hiru urteotan, ez dute ez udalaren ez Jaurlaritzaren aldetik erantzun sendo eta zintzorik jaso. Zaldibar Argitu Plataformatik, ozen salatzen dugu izan Zaldibarko Udalak nahiz Eusko Jaurlaritzak auzotarrekiko erakutsitako utzikeria, eta gure babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu Eitzagako auzotarrei.

Otsailaren 6tik aurrera, hainbat izan dira Euskal Oasiaren harresian agertu diren arrakalak. Azken bi urte hauetan gure arduradun politikoen kudeaketa eredu iluna agerian geratu da: kontrol eta gardentasun faltak, erantzun eta erantzukizunik eza, prepotentzia… Iluntasun asko eta argi gutxi eman diote gure arduradun politikoek gai honi. Ardura politiko zuzenak izan arren, inork ez du ardurarik bere gain hartu.

Musika ere ez da falta izan.

Musika ere ez da falta izan.

Horretarako sortu zen Zaldibar Argitu, Zaldibarko auzia inguratzen zuen iluntasunari argi puntu bat eman nahian. Askotarikoak izan dira urte honetan aurrera atera ditugun ekimenak; manifestazioak, paro herritarra, elkarretaratzeak, lore eskaintzak, ekitaldi kulturalak, bilerak, lapiko jotzeak, Europako bidea, Durangoko epaitegian zabalik den auzian herri akusazio gisa aurkeztea Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartarekin batera, Ekologistak Martxanekin akusazioa osatuz…

Zabalik da oraindik Durangoko epaitegian Ingurumenaren aurkako delituak ikertuko dituen auzibidea. Besteak beste, bertan ikertuko dira bai enpresa pribatuak berak bai eta Eusko Jaurlaritzak afera honetan dituzten ardura eta erantzukizunak. Hasieratik esan dugun moduan, Zaldibarko hondamendiak ardura politiko zuzenak ditu, eta hauek argitu eta garbitu behar dira. Apirilaren 20an Eusko Jaurlaritzako ingurumen saileko ikertuek deklaratuko dutenez, elkarretaratzea egingo dugu Durangoko epaitegi aurrean. Bertaratzera gonbidatzen zaituztegu!

Amaitzen joateko, gure oroimena Joaquin eta Albertorentzat, eta gure elkartasun, babes eta maitasun guztia bere senide eta gertukoenei.

ZALDIBAR ARGITU!

Udalak onartu nahi izan ez zuen monumentua.

Udalak onartu nahi izan ez zuen monumentua.

La entrada Gaurko ekitaldia Eitzagan, Zaldibarko hondamendiaren hirugarren urteurrenaren bezperan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/