2025-05-19 17:38

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak dei egin du larunbatean, hilak 24, Aldundiaren aurrean antolatu duen elkarretaratzean parte hartzera. Hitzordua 13:00etan izango da.

Zubietako Erraustegia hasieratik eta egunero kutsatzen ari da inguruko pertsonak, animaliak, landareak, lurzorua eta ingurumen guztia.

Behin eta berriro adituak ari zaizkigu ohar nabarmenak egiten: urtetik urtera pilatzen ari dira erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak. ToxicoWatch fundazioaren azterketek garbi erakutsi dute hori eta erraustegiaren jabeak –Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK partzuergoak– ordainduta BioGipuzkoak egindako ikerketak ere hala erakutsi du, gero hedabideetan egia ezkutatzen saiatu arren.

Aginte publikoek ez dute betetzen beren eginkizuna erraustegia bezalako industria arriskutsuak kontrolatzeko. Ez dituzte kontutan hartzen kutsaduraz ohartarazten duten ikerketak; ez dituzte ikertzen behin eta berriz erraustegian gertatu diren sute eta istripuak; ez dute konpondu azken bost urteotan Arkaitzerreka kutsatzen duen isuri pozoitsua; Arkaitzerreka pozoitzen ari direla erakutsi du Guardia Zibilaren SEPRONA unitateak berak… eta horri ere ezikusia egiten diote.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta errausketa sustatzen duten alderdiek ez dute kontutan hartu erraustegiari ezetz esaten zion herritarraren hitza, ez dute kritikarik txikiena ere onartu, beren erabakietatik kanpo utzi dituzte herritarrak eta mugimendu sozialak. Hala baztertu dute hasieratik GuraSOS elkartea. Orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoi eman dionean GuraSOSi… hainbeste urte pasa eta gero… hainbeste kalte eragin eta gero… orain zer egin behar dute Foru Aldundiak eta erraustegiaren propagandistek?

Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten die Gipuzkoako herritarrei Foru Aldundiaren aurrean mobilizatzera maiatzaren 24an, eguerdiko 13:00etan. Berriro ere ozen aldarrikatu behar dugu:

ERRAUSTEGIAK EGUNERO KUTSATZEN GAITU. ERRAUSTEGIA GELDITU! EZ, EZ, EZ: ERRAUSTEGIRIK EZ!!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/